Gerrigintza
Lagun bat ikusi berri dut gerriko minez eta, nola den jardun handikoa kultura, gizarte eta herriko gaietan, berritu egin zait frankismoaren hondarretan erabiltzen genuen esaldia, gure egoera adierazteko: herrigintza asko, gerrigintza gutxi. Alegia, gutxitan ematen geniola gorputzari hain gustuko zuen gerri mugimendu hura; eta, bere ordez, herriarekiko jardunean erabiltzen genuela indarra eta aurkitzen poza, horretan sublimatuz gure desio bete ezinak.
Bete ezinak, bai. Sasoi hartakoa da beste esaldi hau ere: Donostian, larrutan egitea ez da bekatu, mirakulu baizik. Izan ere, 50eko hamarkadan jaio eta 70ekoan hormonen morroi ginen belaunaldi hura, ahoz bakarrik ginen aurreratuak sexu kontutan. Esan nahi da praxi motzekoak ginela, behintzat herrigintzan murgilduta genbiltzanak. Entzun, entzuten zen beste batzuk gogotik igurzten zutela larrua; baina haiek kontzientzia gabeko alienatuak ziren eta gutxietsi egiten genituen taldean geundela, nahiz gero inbidia genien bakarka gelditzean.
Dena den, eta barka sarrera luzea, ez dakart gerrigintza berba hau nostalgiazko ariketa gisa. Bego sexu galdua unibertsoko zulo beltzen auzoan. Baina, nago, bizi dugun une politikoan beste ezer baino beharrezkoagoa izango dugula gerria, txukun samar aritzekotan.
Gerri malgua eta ondo landua beharko da erasoak saihesteko, berdin zurrumurru gisa hedabideetan agertuko direnak, edo epaitegietakoak; batzuk eta besteak ez baitira berehala bukatuko, baizik areagotuko, ibilbidean urratsak egiten diren neurrian. Era berean, gerri ona beharko dugu denok bakoitzak dituen azken helburuak moldatzen jakiteko, une honetan gauzagarri diren neurrietara. Eta pentsa dezagun herritarrok, ordezkari politikoak gauza batzuk aldarrikatzen ari direla prozesuaren hasieran, baina gerriak indar erlazioak- behartuko dituela beste batzuk onartzera amaieran.
Erradikal hitza latinetik eratorria da, eta sorpresaz ikasi nuen gaztetan bere erro gramatikala sustrai hitza dela. Hau da, etimologikoki erradikala da arazoen erroetara jo eta horietatik abiatzen dena konponbide bila. Esangura horren euskal ordaina bat behintzat- errotiko izan daiteke; jarrera errotikoa esango genuke, adibidez.
Errotikoa
Hitz horretan, bada bereziki gustuko dudan zerbait: erotiko berbarekin duen sintonia. Eta ez dut uste udaberriko odolaren kolpeak eraginda ari naizenik, dena berde ikusten. Kasu honetan, hitzak bere baitan lituzke bi ezaugarri, etorkizunean beharrezko izango ditugunak: erradikal izaerari darion irmotasuna, eta erotismoari dagokion sedukzio ukitua.
Gurean ohikoa izan da -agian gerrigintza eskasiak eraginda- irmotasuna nahastea zakarkeriarekin; erasokor jartzen gara aukera ematen diguten bakoitzean, armetara jo izan dugu maiz historian. Iduri luke ageriko irmotasuna erabiltzen dugula ezkutu gisa, eta beharrezko zaigula gatazka maila bat irmotasunari eusteko.
Atzean hori badago, aurrera begira behar duguna beste jarrera bat da: altzairuzko eskua, zetazko eskularruan. Iraganetik datozkigun hizkuntza eta nortasuna geroratu daitezen nahi dugunok, hau da, euskaldunon komunitateak iraun dezan mundu globalizatuan, irmotasun handia beharko dugu barrenean, auto-estimu sendoa, maitasuna gure izaerari, militantzia euskararekiko. Baina, komunitatea trinkotzearekin batera, hedatu ere egin beharko dugu, bizirauteko masa kritikoa har dezan eta zergatik ez?- hegemoniko bihur dadin Euskal Herrian. Eta hedapen lan horretan ezinbestekoa izango dugu sedukzioa, bere arma guztiekin: erakargarritasuna, ironia, probokazioa, limurketa Euskaldun irmoak bihurtzen bagara, gainera, lider seduzitzaileak bakoitza bere inguruan, gurekin eramango dugu lidergora gure komunitatea.
Hori guztia esan nahi du gerrigintza errotikoak.
Gerrigintza gehiago beharko dugu eta herrigintza askoz gehiago, orduan.
Ia zerbait idazten dudan honen gainean.
Iban