Hiru egunetan bi aldiz izan naiz Ormaiztegin, oraingoan arrazoi triste batek eramanda: gaur ehortzi dugu Millan Irizar, tio Millan, aitaren anaia. Gabonak baino hilabete lehenago tokatu zitzaion osaba Xantiri. Noizbaiten aztertu beharko genuke senideok zergatik ume garaian ziren amaren aldekoak osaba-izeba eta aitaren aldekoak tio-tia. Oso berandu aldatu dugu hori, tio Millan esatea erderakada izango zelakoan, edo. Millan zen Migel Mariren anairik hurbilenekoa. Bazegoen bien artean konplizitate berezia. Gure aita Irizarreko gerente izan zenean, Millan zen fabrikazio zuzendaria. Eta gauzak okertu zirenean, bataren ibilbidea eta bestearena parean joan ziren: biak kanpoan amaitu zuten.
Gero Millanek ekin zion bere zahartzaroa markatu duen lanari: sinetsita zegoen Uherkaldeko tailertxotik Irizar handira bazegoela kontatzeko moduko bilakaera, eta zeruak eta lurrak nahastu ditu bilakaera hori jaso eta liburu bihurtu arte, ondokoek jakin dezaten. Lastima erabatekoa izan da, juxtu liburua labean sartzeko puntuan dagoenean, bihotzeko lesio zahar batek faktura pasatu diola Millani, eta hil dela urte luzeko lanaren emaitza ikusi gabe. Irailean aurkeztuko dugu liburua, okerrik ezean.
Dena den, lan hori dominatuta utzi du Millanek hil aurretik. Bera izango dugu lehena oroimenean, liburua jaso orduko. Gaur, ordea, oso hunkigarri egin zait ikustea nolako sentimentuz egiten zuten negar bere ilobak hiletan. Millanek bazituen jenio bizia eta umore ona, eta esango nuke nahiko ondo tartekatzen zituela biak, adimen emozionalaz ezer entzun baino askozaz lehenagotik. Eta imajina nezake benetako aitona izan dela bere ilobentzat, hain zen eskulanen zale eta ingurukoen zirikatzaile. Hamaika urteko Beñat neukan inguruan elizan, eta barrenetik zerion negarrak hiletan zehar, aitona Millan asko maite zuen seinale.
Zinez uste dut pertsona baten bizitzak zentzua hartzen duela baldin eta amaieran lekukoa uzten bada hartutakoa baino aurrerago. Alde horretatik, zentzu osoa izan du Millanen bizitzak. Bejondeiola!