Larunbatean ospakizuna izan genuen Ormaiztegiko Barduliarrak elkartean. Ale anaiak deitu zuen bilkura, gaur -ekainak 12- betetzen baititu 50 urte. Alan Griffin koinatuak jarri zuen moda, bere 50ak ospatzeko sekulako jaia antolatuta, EEBB eta Irlandatik etorritakoak eta bertako indigenak nahasi. Geroztik pasatu dira gehiago, tartean nirea eta Fatimarena. Eta orain Aleren txanda izan da. Irizar aldetik 25 inguru bildu ginen, ia-ia guztiak. Eta koadrilla etorri zen Itziar aldetik, Alen ezkon-familia. Bapo bazkaldu genuen eta amaieran bertsoak kantatu genizkion anaiari, Xabier Leteren Habanera famatua, omenduari egokitua. Eta oparitu genion berak nahi zuen atabala, (ederra aparta, egur berdez egina) eta gainera gaita/dultzaina bat. Erruki Alen inguruak hurrengo astetan!
Kantu eta dantza ugari ibili genuen eta ilunabarrean pausatu ginen Muruaneko kanpoaldean, herriko plazan, Moreno eta Anaren ardo bikainak edanaz, Ale eta Alan ahoko soinu eta flautarekin, besteok kantuan. Gaueko hamabietan sekulako gozada omen zen gure jarduna etxetik entzutea, inuguruan bizi den herritar batek biharamunean esan zigunez.
Oso egun ederra pasatu genuen, mila esker zuei: Ale, Itziar eta hiru moñoñak. Eta gaur denez eguna, ZORIONAK anaia alaiari, besarkada bat!