Mateoren hortza

Hortz bat atera didate joan den astean, sudur parean gora begira daudenetako bat. Hutsa dirudi, eta arrazoia eman beharko litzaieke blogarion kritiko pipertuei, diotenean huskeriaz betetako egunerokoak besterik ez direla gure blogak. Arrazoia, baldin-eta ez balego huskeria honen atzean Mateoren historia. Mateo

Guk Esteñibar erosi genion Pedro Mariri, eta Mateo zen haren aitejauna, aitona. Ez genuen bizirik ezagutu, noski, baina argazki zaharretan ageri da gizon txiki eta iharra, baserritar tipikoa. Ez zen, ordea, erabat tipikoa. Harrizale amorratua ei zen, beti harri karretoan; txikiak eskutan, eta handiak sokaz gerrira lotuta, tarrasean ekartzen omen zituen etxera. Harri horiekin ormak egiten zituen, orma sikuak, masarik gabe; harriei patxada aurkitu, lurraz tarteak bete, eta listo. Horrela zeuzkan eutsita etxe inguruko pendizak: barrenean harrizko orma sikua eta goiko ertzean urritzak, haien ipurdi sendoak zimentuarena egin zezan.

Bazuen Mateok beste bitxikeri bat: zahartzaroan beheko hortzetako bat luzatu omen zitzazion ikaragarri; hain luze, iristen zela sudurtzuloan sartzera, inguruko umeen algara artean.

Mateo ezkonduta zegoen Agustinarekin. Zelabaiteko harremana izango zuten ze, beti ere jaso dudanaren arabera, Mateok berotu egiten omen zuen Agustina. Behin, behintzat, astindu omen zuen emaztea eta honek, erabat haserre, amaren etxerako bidea hartu zion. Eguna joan, eguna etorri, Agustiña Esteñibarrera bueltatzen ez, eta Mateok deliberatu zuen emaztearen bila joatea amaren etxera, Berriz aldera. Iritsi zenean, atea jo eta sartzeko gonbitea egin zion amaginarrebak. Eta behin barruan, ama-alabak bien artean berotu egin omen zuten Mateo, ondo berotu ere! Orduan bakarrik itzuli zen Agustiña gizonarekin. Harrezkero, beti haserre omen zeuden, baina uste da Mateok ez ziola berriro eskua altxatu Agustiñari.

Agustina

Esteñibar erosi, eta barruko obrak bukatuta, ingurua gelditu zen zisko eginda, eta harri mordoa sobran. Eta, bapatean, kaletar hau hasi zen harriekin orma sikuak egiten, han eta hemen; pendizen barrenean harriak katonatzen formaren arabera, bakarrik eskuak, lurra eta palankilla bat baliatuta. Berehala, bazirudien beti horretan aritua nintzela, eta auzokoak hasi ziren komentatzen: **Esteñibarren barriro ormagin ona dak!. Neroni ere txokatuta nengoen, ez bainuen ezagutzen nire ezkutuko abildade hura. Eta hasi nintzen txisteak egiten, alegia, Mateoren espiritua** jabetzen zela nitaz, eta hark egiten zituela ormak, nitaz baliatuta. Makina bat barre egiten genuen kontu honekin.

Mateoren espiritua

Harik eta, egun batean konturatu nintzen arte beheko hortza luzatzen ari zitzaidala. Hain zuzen, sudurtzuloaren pareko bat. Handik aurrera, broma gutxi espirituarekin, zaintza zorrotza hortzari eta, tarteka, Fatimaren begirada zeharkakoak, Agustiña gogoan. Errematerako, Beltxi gure katuari ere letagin bat hasi zitzaion neurri gabe luzatzen.

Ez dut meigatan sinesten, baina joan den astean atera didate sudurtzuloaren pareko hortz luzea, bai? eta korapilotxo bat askatu zait urdailean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Mateoren hortza-ri

  1. egilea: Patxi

    Kaixo Mikel. Mateoren ispiritua naz, hamen purgatorixotik. Oberbookinña egunero zerurako… Estakitxu ondo ze burokrazixa dauen hamen, lurrian baiño gehixau, ez da broma.

    Hagiñarena ondo dau kontatie baiñe, noiz kontau biozu urten jatzun hirugarren arraultzarena? Behiñ egixak kontaten hasitxa, danak kontau!

    😉

  2. egilea: Patxi

    Guztiz serio orain:

    Oso istorio polita, eta harrigarria. Dana dala, hain zuzen horregatik da bizitza hain polita, eta harrigarria, halako kasualitateak ematen direlako.

    Sineskerietan sinisten hasten bazera, malo! A ze dilema egunero, ze erropa jantzi, ze hankarekin altxatu goizean, zer esan nahi ote du gertakizun horrek… a ze estresa!

    Ni guztiz superstiziosoa nintzen lehen, eta batere ez orain, eta a ze aldea!

    Batez ere gauzak okertzen direnean.

    Ulertzekoa hala ere, korapilo bat askatzea horrelako hagin bat ateratzen dizutenean. Neri ere askatuko litzaidake!

  3. egilea: mikel

    Apur bat lasaitu nauk, Patxi, bigarren mezuarekin. Lehena, etzakiat, idazkera, zakar puntua…

    Eta, batez ere, nola kristo jakin du Patxik nire hirugarren arraultzarena?

  4. egilea: Patxi

    Mateo zakar xamarra atera zitzaidan orduan? Ez nian asmatu beraz. Idatzizkoaren desabantailak, ezin batzuetan, saiatuta ere, intentzioa ondo adierazi.

    Bestalde, batzuetan galdezka jartzen nauk 😉 ikurra = kiñua, mundu guztiak ezagutzen ote duen. Ezagutzen duenarentzako ondo, baina bai dek egia bestela zakarra dirudiela lehenengo mezuak.

    Sentitzen diat endredoa!

    Hala ere, hi, arraultzarena egia? hasi nauk mateoren ispirituan sinisten! Benetan gainera 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude