Txikitatik nintzen berri zalea. Adibidez, oinetakoak erosi ezkero, haiek oinetan irten behar nuen dendatik; edo arropa erosi berria estreinatzeko, ezin nion itxoin igandeari. Horregatik, amak esaten zidan berrigoxo.
Lanarena aipatu nuen hemen. Hala ere, zorretan utzi nuen azaltzea zer egingo nuen lanpostu berrian. Kutxako Euskara Zerbitzuan arituko naiz, Udal eta erakundeekiko harremanak lantzen, euskararen aldeko lankidetza helburu. Niretzat lan ezin politagoa eta, harrokeria barik, aproposa. Oso pozik nago aldaketarekin.
Ba, pentsa nolako pozik dabilen berrigoxo hau, bi hilabeteren bueltan autoa eta lana estreinatu berritan.
Baina, lan berria dela-eta, Donostiara joan behar dut astean hirutan, baita gehiago mugitu ere. Beraz, nire Audi zahar maiteari iritsi zaio erretiro-ordua: 15 urte ditu eta atal batzutan igerri egiten zaio zahardadea.
Lehenik gogoratu nuen Alemanian dabilela Nere iloba
juxtu autoak saltzen, eta harekin egin nuen entresaka nagusia, gustuko auto bat aurkitu arte. Baina autoa merkea zen eta Alemania han dago, eta bila joan beharrarekin galdu egiten zen handik honako abantaila.
Orduan eman zidaten erreferentzia berria eta hemen aurkitu nuen neurriko autoa, txiripaz Sestaon. Eta zirt-zart egin nuen tratua, astelehenean ikusi eta ostiralean hemen neukan. Argazkikoa bera da erosi dudana, pentsatzen dut berehala kenduko dutela eskaintza.
Autoarekin ere erabat gustura gelditu naiz. Berria balitz doble kostatuko litzaidake, baina ez nengoke gusturago.
Berrigoxo honi, onetik asko ari zaio ematen bizitza. Oraingo honetan, zorteko sentitu naiz.
Dotoria gero kotxia, Mikel. Eta modernoa be bai. Golf markak badauka bai historia luzea; modelo asko eta asko etara ditxu Volkswagenek eta denek arrakasta izan dute, batez be gaztien artean. Zeuk pe aukeratu dozu “Golfo” kotxia, orduan!
Estreinu ona.
Ez golfo eta ez golfero, baina bai Golfari. Egia esan, ez dut autoa zuzenean aukeratu, baldintzak sartu nituen merkatuan eta auto horrek irten du. Eta, lehen egunetan, txoratzen nago. Uste dut gasolina betealdi batekin 1.000 km. inguru egingo didala, lehengoaren ia bikoitza!
Eta, Luxiano, nik bai mirestu hautela hi gaztetan, Orioko arraunlari bikaina hintzanean. Geroztik jakin nian Kutxan hengoala, bainan ez libratu haizenik. Zorterik onena opa diat bizimodu berrian!
Luxiano!
Atzo poz handia hartu nian hire lehen mezuarekin, baina ordenagailua itzali nian bigarrena irakurri gabe. Gaur kontatu zieat lankideei atzoko poza, eta non aipatzen didaten Ramonirekin duan harremana. Txundituta gelditu nauk, bakoitza bere aldetik kuttun ditudan bi pertsona bikote zaretela jakinda. Gustu handiz hartuko diagu hire bisita, ez geroko utzi!