Joan den astean opari bikaina bialdu ziguten Olaiak eta Julenek:
Udalatx puntatik Gazetako argazki ederra, oraindaino ikusi gabe
geneukan ikuspegia.
Izan ere, Esteñibarrera etorri aurretik, dexente ibiltzen ginen
mendian, eta sarri samar egonak gara Udalatxen; baina, hemen katonatu
garenetik, ez dugu mendira egin. Nonbait, lehen mendiak ematen ziguna,
orain Esteñibarrek damaigulako.
Kontua da lagun batek baino gehiagok esan izan digula ze ondo
ikusten den paraje hau tontorretik, baina Olaia eta Julen izan dira
lehenak -mila esker zuei!- argazkia bialtzen. Aterata dago Udalatxetik
iparraldera, atze-atzean Oiz mendia, ostean itsasoa.
Barrenean ikusten den auzoa da Gazeta, gure auzoa; argazkiaren erdi parean dago Berrio, Elgetako bideak zeharkatuta; eta ezker ertzean ageri da Mendraka, hor dago gure txakolinaren upategia.
Hemen duzue Gazetako gure aldea, zehatzago:
Erdi erdikoa da Esteñibar; gainean dago Matzorri, okindegi eta guzti; eskuinean, Burgiñas; barrenean, Beheitti; eta ezkerrean, Basalin eta Bolungarai.
Fijatu ezkero, gure etxetik ezkerretara ikusiko duzue makinen txabola, eta haren inguruan mahastia, zelai orraztua.