Aberriarena bota eta oporretara joan nintzen, urtero bezala, Kataluniako bainuetxera. Bueltan, bi erantzun interesgarri aurkitu ditut eta horiek damaite aukera independentziaz aritzeko.
- Borroka armatuari amaiera txukuna ematea, zauriak sendatu eta iraganeko kontu bihur dadin, inori ez dakion gogo izpirik gelditu berriro noizbait ekiteko.
Oraingo prozesutik ez dator independentziarik, baina segun-eta nola egiten diren gauzak orain, marraztu egin daiteke independentziarako aukera, egun ez dagoena. Bi elementu dira gako:
- Quebec/Kanada auziko filosofia nolabait txertatzea akordioan, parean jarrita bi muga: unilateralki banatzerik ez (Quebec-ek), eta independentzia ukatzerik ez (Kanadak Quebec-i), baldintza batzuekin.
Behin urrats horiek emanda, lana sendo eta ondo egin beharko du independentzia nahi duenak. Diskurtso berria behar da:
- Independentzia bereizi egin behar da abertzaletasunetik. Euskal Herria aberritzat ez daukaten asko beharko dira independentziaren alde, arrazoi demokratikoak edo komenentziazkoak medio.
- Historiaz ez dagokigu autodeterminazio eskubiderik, alferrik ari gara tematzen horretan. Gure historia ezagutzeak balio digu besteek idatzitakoa sahiestu eta autozentratzeko. Historiak balio lezake, gainera, nazioartean arrazoitzeko, gurea ez dela asmakeria hutsa, alegia. Baina historiak ez du balio etxean indarrak metatzeko, besterik ez bada, euskal herritarren erdia baino gehiago beste historia batzuetatik datorrelako. Eta hauek ez diete ezer zor bertakoon arbasoei.
- Independentziaren abantaila eta arrisku errealak ondo ezagutu behar dira, eta emaitzak argi azaldu. Abantailak nola erabiliko diren, eta arriskuak nola saihestuko. Batzuen kasuan, independentzia bihotz kontua izango da, baina gehiengoa independentziaren alde jarriko da buruarekin ikusten badizkio onura gehiago, menpekotasunari baino.
- Nazioarteak garrantzi handia izango du gure etorkizunean. Lagun asko beharko ditugu kanpoan, eta lagunak egiteko ezinbestekoa da diskurtso egokitua, nazioarteko legedian kabituko dena. Eta ez naiz epelkeriaz ari: gure independentzia onargarriagoa zaio nazioarteari, gure autodeterminazio eskubidea baino. Irtenbide singularra lorgarriagoa da, dotriña orokorra aldatzea baino. Eta, behin argumentazioa landuta, diasporan baditugu milioika lagun posible; eta beste asko, galdu ditugunak urte ilunetan.
Oraingoz, hemen etengo dut zerrenda, agortu ez den arren.