Inoiz baino aparteago harrapatu nau aurtengo Aberri Egunak. Aspaldion ez dakit zer diren aberriak, ez badira aitzakia eta ameskeriaren arteko zerbait. Eta gehienetan gorrotagarri egiten zaizkit aberri ezberdinen izenean egiten diren astakeriak, edo erakusten diren jarrerak.
Eguerdiko albistegian, tristuraz ikusi ditut hemengo alderdi abertzaleak, bakoitza bere topikoei itsatsita, fundamentalismoaren eta esentzialismoaren artean: Bagara eta eskubidea dugu. Eta kitto! Hortik aurrera, besteak errudun.
Nik, independentzia nahi izateko, ez dut aberririk behar, ezta arrazoi historikorik ere. Nahikoa ditut gogoa eta komenentzia. Eta independentzia lortzeko, bakarrik beharko genuke borondateen meta handia eta, gero, aparteko abilezia hori nazioarteko legedian txertatzeko.
Datorren urtean, nahiago ospatuko balitz Independentziaren Eguna, gaurkoaren ordez.
Bueno “Bagara eta eskubidea dugu” hori ez zait esentzialista iruditzen. “Izan ginelako eskubidea dugu hori” bai ordea, eskubide historikoen gaia berriro ere entzutea jeltzaleen eskutik. Batzuk esango dute, erabakitzeko eskubidea nolabait kamuflatzeko eta konstituzioarekin bat etortzeko “taktika” dela, baina, eskubideak ez dira inoiz heredatzen.
Eskubideak dugu hala nahi dugulako eta punto. Eta gatazkak, 2, 100, 200, 500 edo 1000 urte dituela niri bost axola. Independentzia orain nahi dugu eta kito.
Benetan? Independentzia nahi badugu, horren alde jarri beharko ditugu indarrak, besoak eta eskuak.
Nik uste, Euskal Herriak, aspaldiko partez, aukera historikoa duela horrelako erronka bati heltzeko. Indarrak batu, eta indarrok erakutsi behar ditu.
Euskal Herrian lehenbizi, baina aldi berean nazioartean ere. Izango bagara, erakutsi egin behar dugu eta!
Independentzia berba, elkarrizketetan gutxiago aditzen ete dugun susmoa hartuta nago eta. Bai, oihukatu oihukatzen dugu oraindik, baina herri aske eta libre bat egitearen koskaz, ez dakit aritzen garen.
Herri libre bezala, hasi beharko genuke pentsatzen, behintzat.
Niretzat aberri egunak amaituko dira, Euskal Herria hori denean, euskal herri. Independentzia eskuratu eta herri bezela, nazio gisa bizi garenean.