Gure ama oso da kontalari fina. Umetan sarri kontatzen zizkigun bere haurtzaroko pasadizoak, antzeztuz bezala, ahots ezberdinak atereaz. Eta, esanaren poderioz, hainbat esaldi gelditu egin dira senideon memorian gordeta, altxor zaharren usainaz. Horietako bat, izenburukoa, lehengoan atera zitzaidan Mezularian ari nintzela tertulian, eta berpiztu egin zait dagokion ipuina.
Aitona bat ba omen zihoan bilobarekin kalean, eta topo egin dute andre ezagunarekin. Honek galdetu dio neskatoari: Nola du ba izena neska polit honek? Eta aitonak, -totel, zeken eta kirten- erantzun: **Eeeez esan… Aaaagustiña!** Makina bat aldiz errepikatu da esaldia gure etxean, harrezkero.
Kontua da, hogetamabi urteko gizon heldu sartu nintzenean Kutxan, Seguran izan nuela lehen lantokia. Eta han iritsi berriari denek galdetzen zioten: Atrebentziarekin, nongoa zaitugu ba? Eta nik: Hor bertakoa, mendiz bestaldekoa, Ormaiztegikoa. Horrekin gustura gelditzen ziren, ni etxekonekoa izaki. Baina behin, bezero horietako batek esan zidan: Ormaiztegikoa? Ba ni ere bai! Kartilan izena begiratu eta: Agustina Goikoetxea. Amari entzuna nion ipuineko Agustiña Segurara ezkondu zela, eta erabat urduri jarri nintzen, fikziozko pertsonaia derrepente haragizkoa bihurtu zen susmoarekin. Ez zen berehala iritsi bazkalordua, etxera joan eta amari galdetzeko. Eta bai, andra hura zen gure umetako Agustiña, Zipolen izeba.
Zipolena, beste batean.
Mikel, nahita ere ezin igerri zein dan entonazioa.
Irratian ohituta dagoen batentzako, ez da ba oso enbarazugarri izan behar grabatzea, eta hemen txertatzeko berriz, laguntzaile faltan ez det uste zabiltzanik ala?
Polita ere geratuko litzateke ba, polita!
…Patxi, mahastizainak ez gaituk-eta traperoak bezain teknotrebeak. Asteon kanpoan izango nauk, urteroko erromesaldia diagu Kataluniako bainuetxera, baina bueltan ahaleginduko nauk hire enkargua betetzen. Ondo izan.