Bi adieratan zoragarria: ederra eta zoratzekoa. Astelehena bikain hasi zen. Lankide batek gonbidatuta, lehenik Gasteizko Portaloien bazkaldu genuen eta gero katedraleko obrak bisitatu. Bi eginkizunak, zein baino zein gustagarriago. Gaueko 11etan etxera, majo.
Asteartean, Kutxan zazpi ordu eman ondoren, bazkaldu gabe Elgetara, masajea hartzera asteleheneko partez. Korrika bueltan Arrasatera, GOITBn grabatzeko bi tertulia, Berbaire saiorako. Arnas hartzeko astirik gabe Esteñibarrera, Mezulariako tertulian sartzeko. Eta hau bukatuta, mokadu bat egin eta Musikaireko bilerara, bai baitatoz udako jaialdiak Elorriora. Gaueko 11etan, azken neuronaren azken izpiak gidatuta iritsi nintzen etxera.
Asteazkena atseden eguna nuen, arratsalde osoa niretzat. Eta 12ak aldera, Euskadi Irratitik: Mikel, jaso dugu aspaldi espero genuen paketea. Zatoz! Lanean baimena eskatu eta 13:00etan sartu ginen lokutorioan. Zazpi ordu beranduago irten ginenean (eta eskerrak futbola zegoen!) burua neukan haundituta, bi talla gutxienez. Etxeratu eta ardo botila onena edan genuen etxekoandreak eta biok. Mihia gizen, gorputza neke, bihotza gozo erretiratu ginen.
Osteguna, goizeko zazpi orduak bete, eta arratsaldean bilera Donostian, lan aldaketa datorkit eta hura negoziatzen, urduri. Segidan Mezularia normala Miramonen, bezperakoa extraordinarioa izan baitzen. Lanekoa bide onetik doanez, etxera iritsi eta berriro errepikatu zen ardoarena, oraingoz gure gibelen kaltetan.
Ostiralean, afaria etxean: Joxe/Inma/Elene etorri ziren Berriztik, eta Joxe/Bego/Miren Elorriotik. Lepo jan eta edanda, giro onean, ordu txikietan ohera.
Larunbatean, bazkaltzera agertu ziren Santos eta Mariaje lankide eta lagunak, Ander/Josu eta Ainhoarekin, Donostiatik etorrita. Bapo jan eta edanda, arratsalde ederra eman genuen.
Eta gaur, domeka, Bergarako Zuloa elkartean bazkaria, Lurdes Idoiaga koinata Oñatiko alkate egin zaigula ospatzeko. Kristoren bazkaria prestatu digute Liernik eta Ramonek. Kafearekin, bertsoa kantatu diogu Lurdesi, eta Aitorrek prestatutako koadro ederra eman:
Trote latz honetan bizirik iraun eta, gainera, kontuan izanda asteon amaitu ditudala mahastian neguko lanak -seiehun olazi berri sartuta-, gailegoarena esan beharko diot neure buruari: **Eu mesmu cáusome respetu!**
Aste ederra bai!
Gauza bat Mikel. Aurreko batean kantuan ibili zinen programa bukatzerakoan. Bukaera aldera harrapatu nuen, baina despedida tono bat iruditu zitzaidan tertulian. Maitek programa uzten du, ala zuetako norbaitek, ala…?