Ditxosozko prozesua ba omen eta, bestelakorik dirudien arren, sendo samar legoke. Nahiko sendo, behintzat, zapuztu nahi luketenen trabak eta atzaparkadak jasateko.
Baina prozesu ditxosozkoa, balego eta balitz, dozena bat lagunek daramate aurrera, alde bietakoak kontatuta. Eta horiek, hain zuzen, ez dabiltza hedabideetan kontakatilu. Dabiltzanak gabiltzanok- ez dakigu zehatzik ezer, eta han-hemenka jasotako zurrumurruekin egiten ditugu jakitun plantak.
Ordea, inportanteegia deritzot prozesuaren gauzatzeari, arinkeriaz ibiltzeko. Horregatik, hedabideetan gai honetaz aritzeko, jokabide zorrotza hartu dut hurrengo denboretako: motz jardun, ez espekulatu eta ez endredatu. Beste dozena horrek lasai egin ahal izan dezan bere lana.