Edozein dela ere gatazka, bortizkeria dagoen tokian ugaldu egiten da begibakarren espeziea. Espezie honen ezaugarri nagusia da begi bat ixteko joera. Ondorioz, begi irekiaren aldea bakarrik ikusten dute. Kasurik larrienetan, begi itxiarekin ikusten ez dutena ukatzera iristen dira, existitzen denik ere ez dute onartzen.
Aldiz, Tolosako eskolapioetan batxiler zaharra ikasten ari ginela, zientzietako liburuak argi asko zioen: begi bakarrarekin errealitatearen irudi partziala hartzen da, zatikatua eta planoa; bakarrik bi begiekin jasotako irudiak burmuinean batzen direnean, orduan hartzen da ikuspegi osoa, erliebe eta sakontasunarekin.
Biktimak
Gatazkaren alde bakoitzeko begibakarrak baditu bere biktimak eta bere borreroak. Sarri, alde batekoen biktimak izaten dira bestekoen borreroak. Horrela ez denean, besteen biktimak izaten dira ondorio lazgarriak edo sahietseko kalteak.
Adibide pare bat.
Begibakarrak bihurtzen ditu bizirik dirauten biktimak eta haien ingurukoak politikaren protagonista; eta xaxatzen ditu epaile bihurtzeraino, jartzen ditu esaten zer den zilegi eta zer ez. Begibakarrak kokatzen du gatazkaren sorburua gehien komeni zaion tokian, eta fokua jartzen die bakarrik bere mesederako pasarteei. Gatazkaren historia neurrira moldatzen du, bere helburuen mesedetan.
Eta begibakarrak nahi ditu garaile eta galtzaileak; exijitzen du damua eta barkamen eskaria; edota aldarrikatzen ditu giza eskubideak bere biktimentzat, besteenak ahaztuta.
Begi biekin, argi dago: alde bietakoak dira biktima; elkartasuna eta justizia zor zaie, baina ez inongo ordain politikorik. Damua ezin da exijitu, ez da ezinbesteko baldintza. Inoren garaipena baino, helburua da berradiskidetzea. Lehen urratsak dira biolentzia gehiagorik eza, desarme dialektikoa eta errespetua.
Begibakarra esentzialista da politika kontutan, eta bere aukeraren oinarrian ikusten du egia berdaderoa. Defendatu edo irabazi nahi duen hori berez existitzen da, pertsonen borondatearen gainetik. Eta irmo azaltzen duenez bere ikuspegi planoa, dirudi arrazoia duela.
Egitasmo politikoak
Begibakarren Espainia da sakratua, ukiezina, bitarteko guztiekin defendatu beharrekoa, etsai ugarien kontra. Eta begibakarren Euskal Herria da mapa bat, nahi eta nahi ez; da su itzalezina, kate etengabea; da iraun beharra, kosta ahala kosta.
Begi biekin, bestela ikusten da. Egitasmo politikoak gizakion asmakizunak dira, aldagarriak eta suntsikorrak. Badira izaera kolektiboak, badira ibilbide historikoak, eta badira une bakoitzeko pertsonak. Eta hauetan gauzatzen da iragana, unearekin gurutzatuta. Mendea eta segundoa gurutzatzen diren lekua besterik ez izan (Ruper dixit) asko izatea da, ezin gara ezer gehiago izan.
Politika behar dugu elkarbizitzarako, besteak errespetatuz haien errespetua lortzeko. Mapak aldakorrak dira, biziraupen kolektiboa ez datza tinkotasunean, baizik moldatzeko gaitasunean. Ezer ez da sakratua, maite dugun neurrian da zerbait inportantea, batzen gaituena dugu beharrezko.
Espainia izango da bizileku erosoa, baldin eta bere egiten baditu bere baitakoen sentimenduak. Molde bakarrean hartzen baditu guztiak, uxatu egingo ditu bereziak. Ikusi besterik ez dago nola indartu den independentismoa, nola ahuldu den Espainia, Aznar begibakarraren sasoian.
Euskal Herria izango bada bizileku erosoa, beharko dugu eraiki egitasmo berri-berria: ez ukaziorik eta ez derrigorrik; oinarri komunekin denok konforme, xehetasunetan bakoitza libre. Eta hau lan luzea da, sakona; ez da alderdien mahaitik aterako, nahiz konponketa politikoak lagunduko lukeen giroa hobetzen.
Alferrik dute aritzea irmo edo ozen. Begibakarra bakarrik izan daiteke errege itsuen artean. Bi begidunen aldean, begibakarra gutxiago da, motzago.
Bat natorrrek, erabat, hire mezuaren muinarekin, Mikel. Formari dagokionez, berriz, oso ondo idatzia. Besarkada bat.