Kontzertura joan ahal izateko, ostiraleko tertulia egin nuen Radio Vitorian bertan. Eta zuzenean sartu zen Martxoaren 3ko manifaren jarraipena egiten ari zen kazetaria, esateko polizia pelotazoka ari zela. 76ko heriotzen erantzulea, Fraga, -30 urte geroago inongo erantzukizunik onartu ez eta oraindik agintean- aritua zen arratsaldean bertan PPren bilkuran Tejero eta enparauak ulertzen. Eta ordu bertsuan jakin genuen bigarren presoaren heriotza kartzelan. Horrekin guztiarekin, aztoratuta joan nintzen kontzertura. Han, Llach-ek berak esan zuen manifan atxiloturik ere izan zela.
TAUren etxea lepo zegoen, errokero zaharrez betea, 50 urte bataz beste. Jende asko, antolaketa ona, arazorik ez. Eta oholtzan, gure Lluis. Talde txikiaz lehen zatian, erakutsi zuen zelako artista handia den: kantu perfektuak,bikain kantatuak, musika laguntzak ondo neurtuta… Errepertorioan, kantu mitiko batzuk baita berriak ere, Estatut-az bere jarrerak azalduz. Konpromezua beti.
Eta gero… Campanades. Duela 30 urteko heriotzei egindako kantata izugarria. Oholtzan 150 lagun, orkestra eta orfeoi, eta piano gainean etzanda Lluisen oihu zirraragarria: **Assasins! que mai no tingueu repòs en cap dels vostres dies, i que en la mort us persegueixin les nostres memòries**.
Amaieran, bisak eta apotesia. Eta Llach-en azken lezioa. Giro bero hartan, sartu zuen maitasunezko kantu xume bat, esanaz: Maitasunak behar du izan gure ekintza guztien motorra…
Egunkari baten irakurri nuen domekan kontzertua izan zela nostalgiaren aldarri. Oker galanta! Atzera begira barik, kontzertuak eta testuinguruak gogorarazi ziguten giza konpromezuan eta hiritar erantzukizunean ez dagoela erretirorik.