Atxagarekin amaitu nuen aurrekoa, eta berriro dakart gaur asteasuarra. Uste dut euskal hiriaz egiten ari den ekarpena garrantzi handiko abiapuntua dela eztabaidarako. Eskertzen diot gai honen hausnarketan denbora ematen jardutea, esker hobekoei kenduta. Ezin dut ahaztu, aldi berean, idazle dela ofizioz eta pentsalari afizioz, eta ez arduradun politiko edo gizarte liderra; ezin zaiola eskatu, hargatik, mapa zehatza egitea eta bidaiaren gidaritza bere gain hartzea.
Eztabaida eragiten ari da eta hori asko da. Batez ere, ohiko klitxeetatik haratago, probetxuzko zerbait atera nahi denean. Adibidez, Argian eman du iritzi bat Joseba Azkarragak, konparatuz Atxaga eta Boff teologoaren bi paradigmak. Antropozentrismoa deitzen dio lehenari -gu, nagusi bakarrak-, eta ekozentrismoa bigarrenari -gizadia naturaren destinoarekin bat-. Argi samar igartzen zaio Azkarragari bigarren paradigma duela gogokoago.
Azkarraga Argian
Hala ere, artikulua bi aldiz irakurrita, uste dut bi plano ezberdin nahasten direla. Atxaga ari da euskal komunitateko kide gisa, (eta barkatuko didazue ez hastea orain definitzen zer ote den euskal hori, bakoitzak bete dezala nahi duenarekin). Boff, aldiz, ari da gizaki globalaz.
Bi plano
Atxagak nahi du gure komunitate txiki honek gara ditzala biziraupenerako estrategia berriak, ikusmolde eta pentsamolde berrietatik abiatuta. Izan ere, berak argi ikusten du oraingoekin ez dagoela etorkizunik euskal komunitatearentzat. Ez da ari gizakiaz eta honen etorkizunaz.
Boff-en ikuspegi globalarekin, gizakiak hasi behar du ardura kolektiboa garatzen, autosuntsipena ekiditeko. Hor legoke interes orokorra, guztientzat berbera.
Interes ezberdinak
Baina, badaude interes partikular oso defendagarriak. Kolonizatzaileek horrenbeste inguru suntsitu ondoren munduan zehar, orain kolonizatuei dagokie gelditu dena kontserbatzea? Horrekin beraien garapena hipotekatzen badute ere bai? Ez dute kolonizatuek garatzeko eskubiderik, maila bateraino bederen? Interes kontrajarriak egon daitezke, posizio erlatiboaren arabera.
Atxaga libreki interpretatuz, euskal komunitateak behar du garapen mota bat, ikusmoldeena gehiago hormigoizkoa baino, bere posizio erlatiboa hobetzeko, eta globalizazioaren baitan bizirauteko. Hiri fisikoa baino, interesatzen zait hiri mentala, komunitate moderno, ireki, kohesionatua. Eta horretarako, indartu behar dira ezaugarri komunak eta konpartitzen diren baloreak, metatu behar dira ahalmenak eta hurbildu gogoak; nahiz-eta, bidean, galdu beharko diren txokotasun eta partikularitate ugari.
Eta, Atxaga ez bezala, ez naiz Y grekoaren aldekoa.