Danimarkako enbaxadak erretzen hasi dira, eta izua piztu da mendebaldar demokraton artean: Ze fanatiko diren islamdar hauek! Karikatura xume batzugatik horrela jartzea! Non gelditzen da adierazpen askatasuna? Eta itzuli gara gure egunerokora, fanatismoa noiz baretuko zain. Baretuko ez balitz, orduan pentsatuko dugu nola erakutsi indarra, haiek beldurtu daitezen.
Baina:
- Mahoma=bonbajartzaile adieraztea erabateko probokazioa da islamdar fededun batentzat, eta asko dira arabiarren artean.
- Adierazpen askatasuna dagoelako Danimarkan karikaturak argitaratu ziren, baina horrek ez die pozoinik kentzen. Libre adieraztea gauza bat da, eta horrek sor lezakeen erantzuna beste bat. Ezin zaio albokoari putakume deitu adierazpen askatasunaren izenean.
- Irailean argitaratu ziren marrazkiak eta orain piztu da sua. Bitartean mendebalde harroa ez da gai izan desenkusatzeko. Oraindik ere aitzakika dabiltza agintari eta eledun gehienak.
- Mendebalde inperialistak zauri asko eragin ditu historian, eta min sakonak daude gordeta planetan zehar. Islama indarra hartzen ari da, besteak beste, sentimentu horiei esker. Ezin ditugu, lehengoaz gain, umiliatu gure adierazpen askatasunaren izenean, eta fanatiko deitu haserrea erakusten dutenean.
Ikasiko al dugu noizbat?
Aupa!
Kasualitatez sartu naiz zure blogeko sarrera hontan goiena.net-etik. Irakurri ondoren esan behar dut enagoela guztiz ados diozunarekin.
Haserre egongo dira, motiboak eduki ditzakete, baina ez diote fanatiko izateari uzten.
Mendebaldeko mundu honek umillatuko zituen urtetan zehar, baina ez dugu ahaztu behar, beraien herrietan bertan, gizartearen erdia (emakumeak), umillatuta bizi direla erlijioaren izenean.
Ez naiz sinistuna, beraz ezin da inor nire jainkoarekin sartu, baina ez dut uste putakume deitzen didanari etxea erreko niokenik.
Fanatikoak dira.
Kaixo!
Ez dut ontzat eman nahi izan islamdarren jokaera, neurriz kanpoko errakzioa ari dira izaten, gai honetan ere. Hori baino, nahi nuen mendebaldarron epelkeria agerian utzi, geure burua bigunegi juzkatzen dugula, alegia. Sua pizten dugu, txuletilak erretzeko, eta basoa erretzen zaigunean haizeari botatzen diogu kulpa, edo basoa garbitu ez duenari.
Sua kontuz ibili behar da, areago islamdar erretxinduen inguruan.
A! Eta ongi etorri plaza honetara.