Mahats batzearekin jotzen du gailurra urteko zikloak eta gabonak aldera arte ez dago itxoitea beste lanik, landareak orria galdu eta lokartzen diren bitartean. Urte berriaren bueltan hasten da ziklo berria, mahatsondoen inausketarekin.
Mahatsa urtero ganoraz etorriko bada, inausketa gogorra egin behar zaio mahatsondoari. Garapenean eman dituen dozenatik gora adarren artean, bi aukeratu behar dira, luze utzi eta hurrengo besoak izan daitezen; eta beste bi adar motz-motz uzten dira, hatz lana egin dezaten. Beste guztia, klas-klas-klas ebaki egin behar da.
Horretan ari naiz urtarrilean, eta egunotan elurraren bisita izan dugu Esteñibarren. Behar adina arropa jantzi, eta begiak babestuta elurretako betaurrekoekin, itxura xelebre honetan jarduten naiz. Dagoeneko azken iladatan nabil, argazkietakoak dira landara zaharrenak, barreneko mahastian.
Inausketaren ondoren, olazi eta alanbre guztiak errepasatu behar dira, gogortu eta tensatu. Behin hori eginda, landarearen beso biak alanbrera bildu behar dira eta lotu, kimu berriak norabide egokian jaio daitezen. Eta hau guztia amaitu behar da sanjose ingururako, hilabete t’erdi barru. Izan ere, sasoi horretan hasten da mahatsondoa mugitzen eta, behin begia erneta, arrisku handia egoten da, landarea gobernatu guran, ernea ikutu eta galtzeko.
Sanjosetan kontu gehiago.
Aupa Mikel!
Hori da eskiadore itxurea daukazuna!
Eskiak jantzita be ibili zeintekez, aldapa behera, behintzat. Azalpen ederra emon dozuna eta mahastiari emoten deutsazun zainketea be ez da makala. Normala gero, uzta garaian hain esker onekoa izatea.
Ondo segi!
Olaia!
Anoraka hotzagatik eta betaurrekoak begiak babesteko… baina, bai, eskiadore itxura hartzen da mahastian ere. Nahiko dominatuta dauzkagu beharrok, eta aste santua baino arinago prestatuko dugu udaberriko sarrera Esteñibarren. Bialduko deutsuegu abisua.
Horren zain gelditzen gara beraz!
Egun zenizoan, loteria aldean eroateak laster dirurik ekarriko dizun, ez dakit, baina argi dago dezimo hori aldean eroateak ez deutsula zorte onik emon, momentuz behintzat..espero dodana da, tokau ezkero, izan daitela behintzat, lagun talde haundia ondoan eroan ahal izateko bestekoa!