Gaur San Anton, Getarian ospatu dute Txakolin eguna, eta aurkeztu jatorri deiturako aurtengo emaitza. Euskarazko hedabideetan gaia nola jorratu den ikusita, erraz pentsa zitekeen Getarian bakarrik egiten dela txakolina. Eta kontua beste hau da: dagoeneko txakolin gehiago ekoizten da Getariatik kanpo. Nabarmendu egin da, gaur ere, euskarazko hedabideei darien gipuzkoar-zentrismoa.
Duela hilabete batzuk, Argian irakurri nion Ander Manterola hizkuntzalari bizkaitarrari esaldi biribil hau: Gipuzkoarrek uste dute gipuzkeraz egin eta batuaz ari direla.
Mutatis mutandi, hau ere esan daiteke: Euskarazko hedabideek uste dute Gipuzkoaz jardun eta Euskal Herriaz ari direla.
Blogek duten gauzarik politenetakoa, egun batez blogariaren ahotsa (eta aurpegiak, e.a.) ezagutzea da.
Gaur entzun zaitut irratian lehenengo aldiz, eta esandakoa, plazerra.
Entzun dedan pusketan (berandu iritsi naiz), oso txukun aritu zerate. Tarteka zalantzaz eta galderez beterik ere bai, baina gaia ez baitzan edonolakoa. Prostituzioa.
Mezu honetakoari buruz ba bai, gipuzkoazentrismoa badago, nere ustez.
Horri buruz ere luze hitzegin liteke baina.
Hau da marka:
aurreko lerroa idazten bukatu eta esan det… Eta ze itxura ote dauka?
Google-era jo, irudiak, klik, eta horra! Ume moko bat da ta!
Pentsatzen nuena baino 20 bat urte gazteago, ez zera kejatuko.
Jode, Patxi! Hi bezalako lagunekin ez diat amonarik behar! Etzakiat zein argazkiri begira egon haizen, baina nik aspaldi ez diat ikusi ume mokorik ispiluan. Hamabost egun barru beteko dizkiat 52 urte!
Dena den, mila esker, eguna alaitu didak.