Lehenik papera
Adina baitut horretarako, paperean hasi nintzen serio samar artikuluak argitaratzen. 1988an izan zen hori, Arrasate Press aldizkaria hastearekin batera. Joxe Aranzabal zen bultzagile eta zuzendari, eta berak eskatu/eskaini zidan astean behin musikaz idatz nezan, etxean disko mordoa nuela-eta.
Artean banituen argitaratuak atal solteak, Zeruko Argia eta Garaian, eta gustuko nuen idaztea. Baina ezin esan dut hori zenik nire bokazioa, ez bainion denbora asko ematen idazteari, ezta bere oinarri den irakurtzeari ere. Erraz samar irteten zitzaidan eta kito. Hori bai, hasieratik jakin nuen iritzia eman nahi nuela, lehen pertsonan eta gaietan bustita, zurikeria barik.
Handik gutxira, Joxek eskatu/eskaini zidan motorraz ere aritzea, nahiz auto bakarra nuen, eta bera kaskarra. Itxura gordetze aldera, bigarren arlo honetarako baliatu nuen nire bigarren abizena. Beraz, argitu bedi misterioa: Arrasate Presseko ale zaharretan aritzen zen Mikel Intxausti hura, neu naiz, lotsabako hau.
Eta, behin lotsa galduta eta ofizio apur bat hartuta, jarri ninduten gai librean, aldizkariaren hirugarren orrian. Gogoan dut erabili nuen lehen izenburua: Tuttologo, italieratik hartuta. Ordurako banekien, edozertaz jardutekotan eta irakurlearen errespetua galdu gabe, tentuz idatzi beharko nuela. Zurikeria barik, baina tentuz.
Harrezkero, ez zaizkit falta izan eskari/eskaintzak. Une honetan, paperean argitaratzen dut astero zutabe bat Goienkaria aldizkarian, Debagoienean. Eta bizpahiru hilabetez behin Argia aldizkarian; besteak beste, Atxagak idazten duen atal berean. Ezin nuen halako ohorerik imajinatu 1988an, lehen artikulua idatzi nuenean.
Arrasaten bertan ezagutu nuen telebista eta, nola ez, musika saio batekin abiatu nintzen irudiaren esparruan. Eta, handik gutxira, aukera izan nuen gidatzeko informazio orokorreko saio bat. Batean zein bestean, aitortzen dut, ez nuen aukerarik galtzen iritzi editoriala emateko. Predikari jaio ezkero, nonbait, balkoi guztiak pulpitu.
Paperetik salto
Beste askok bezala, salto egin nuen ATBtik ETBra, eta bost urte eman nituen Hitzaro eta Lengua Viva saioak aurkezten. Hauetan, ordea, apenas izaten nuen sermoirako aukerarik, gidoia esatea zegokidan nagusiki. Baina ETBkoa amaitu eta gutxira, etorri zen Euskadi Irratian tertulietan aritzeko aukera. Berriro ere tuttologo pulpituan! Euskarri berriari neurria hartu nion seinale da oraindik ere horretan diraudala. Eta etxean jaso nuen hurrengo proposamena: Goiena Telebista n lau astez behin hartzen dut parte, Berbaire tertulia saioan.
Bistan da; hainbeste pulpitu korrituta, predikari honek aurkitu behar zuen noizbait- pulpiturik askeena: bloga.
Bistan da nire ibilbide komunikaziozkoan erabakigarri izan direla Debagoieneko hedabideak. Ba, hau horrela izan da baita teknologia berriekin ere. Idazmakinan ohitua, lehen ordenagailua erosi nuen artikuluak errazago idazteko, neurrian, eta posta elektronikoz bidali ahal izateko. Ez nion bestelako morborik aurkitu aparailuari eta horretara mugatu nintzen, ia erabat.
Sarean harrapatuta
Baina Debagoiena bultzaka zetorren eta eskualdeko multimedia sortzeko orduan, topo egin zuen/nuen/genuen sarearekin. Goiena komunikazio taldeak lankide hartu zuen CodeSyntax enpresa, eta bien lehen emaitza izan zen Sustatu.com albistegia. Orduan ikusi nuen nik zer egin zitekeen ordenagailu batekin, sarea eta irudimena erabilita. Geroago etorri zen Goiena.net , eta honen eskutik iritsi nintzen blogintzara.
Zerbitzuak ezagutu ahala, harrapatu egin nau sareak. Eta, lanean ezin dudanez, etxean ia egunero lotzen naiz. Zorionez gure baserriraino ADSL linea iristen da, eta wi-fi ingurua jarri dugu, bi ordenagailuekin libre aritzeko. Baldintza horietan, trafiko dezente ibiltzen dugu. Duela gutxi, matxura izan zuen telefono lineak eta hamar egunez egon ginen sareratu gabe; ehun mezutik gora geneuzkan zain, berriro konektatu ginenean.
Nik ezagutzen dudan denboran, internetek iraultza handia eragin du komunikatzeko ohituretan. Hiru tresna nagusi erabiltzen dira sarean komunikatzeko: weba, posta eta bloga. Eta bakoitzak markatu du iraultzaren fase bat.
Webetik blogera
Weba nagusi zen fasean, sortu ziren argitalpen konplexuak, orri jantziak eta liluragarriak, geldoak eta garestiak. Hargatik, gutxi ziren jaulkitzaileak, eta informazioa baino gehiago, landu ohi da irudi instituzionala. Nabigazioaren sasoia izan da, trebezia behar zen bidea aurkitzeko, eta inoiz abenturak izan zezaken ustekabean saririk. Informazioa, beti norabide bakarrean.
Postaren fasean garatu da elkarrizketa, informazioa norabide bitan edo anitzetan: txatak, posta-zerrendak. Solasaren esparrua eraiki da, telefonoaren alternatiba. Komunikazioa izan da ia mintzatuaren parekoa, informala. Webaren hartzaile zena bihurtu da postan partaide.Oso tresna funtzionala denez, postak hedatu egin du telematikaren erabilera: jende asko sartu da sarean komunikazio modu honen bila.
Azkenik, blogak ekarri du goiko bien sintesi moduko bat: argitalpen sinplea, edonork egiteko modukoa, nahi bezain jantzia eta aldi berean- interaktiboa, bi norabidetakoa. Eta blogekin sortu da mundu berria blogosfera-, ugaria eta librea. Badira blog komertzialak, instituzionalak eta hedabideei lotuak; baina, batez ere, milaka eta milaka dira blog pertsonalak, bakoitza bere egileak sortua pedolibrean aritzeko, suelto demonio.
Goiena.net atariak sartu ninduen blogosferan, laster etorriko da urtea. Inguruko predikari batzuk hartu gintuzten blog komunitatea abiatzeko, euskarak blogosferan bide egin zezan eta, aldi berean, blog komertzialetarako amua prestatzeko. Apur bat behartuta prestatu nintzen lehen txanparako, eta ikasi nuen tresnaren erabilera oinarrizkoa. Harrezkero, Piperrautsa izeneko nire blogean ehunetik gora mezu idatzi ditut, batzuk argazki eta guzti; baditut 42 harpide, Bloglines arabera, eta erantzun mordoxka iristen zait. Harrera ona izaten dute mahastiei buruzkoak, urtaro ezberdinetako lanak kontatzen ditudanekoak. Gai korapilatsuetan eztabaida pizten da, eta orduan erantzunak erreskadan datoz, batzuk niri zuzenduak eta besteak elkarrekin sesioan. Gustura idazten ditut Ormaiztegiko eta haurtzaroko kontu zaharrak, samurtu egiten naiz horiekin. Eta libre, oso libre sentitzen naiz idazten dudan bakoitzean, neu bainaiz editore, argitalpenaren jabe eta idatzitakoaren erantzule bakarra.
Ni ere blogari
Paperekoak neurri zehatza izaten du. Adibidez, Goienkariako zutabeak, 1.350 karaktere; Argiakoak, 3.500 karaktere; artikulu hau digitala da baina eskatu zidaten 7.500 karaktere. Aldiz, blogean neurriak ez du inporta, idatz daiteke luze edo labur, segun eta gaia, segun eta etorria.
Bloga ala papera?
Paperean neurtu egin behar dira, halaber, gaia eta tratatzeko modua. Kontuan izan behar dut irakurlegoa, eta idatzi haren interesa harrapatzeko moduan, argi eta zuzen. Aspergarri ez izate aldera, saihestu egiten ditut erregistro pertsonalegiak. Baita zaindu gaiztakeriak eta ekidin gordinkeriak, paperak erraz egiten baitu epaitegirako bidea. Askokin libreago aritzen naiz blogean, nire deontologia filtro bakar.
Paperetik erantzun gutxi iristen zait. Komentarioak jaso izan ditut han-hemenka; apenas erantzun idatzirik, inoiz anonimoren bat. Eta motza da jardutea -astea joan, astea etorri- jakin gabe ea egindakoa baleko zaion inori. Horretan aberatsago da bloga, sarri izaten da erantzun idatzirik eta, blogosfera handitu ahala, iritzien abanikoa ere irekiaz doa.
Dena den, ez daukat bietako bat ere saltzeko. Paperak badu oraindik bere xarma, eta blogean hasi besterik ez dut egin. Horregatik, hautatu beharrik gabe, biak nahi ditut: bloga eta papera.
Biba blogari! segi holan.
Segi pulpitutik. Guk irakurriko juau pantailan (mezu hau baiño motzagoak, e?) eta paperian.
Segi bai idazten eta berbetan, eta guk irakurri eta entzungo dizugu. A, eta Goienkaria berrian (otsailaren 3an abiatuko denak) ere idazten segitzeko gonbidapena egin dizugu eta zeuk onartu. Hortaz, Goienkariako irakurleok gustura irakurriko ditugu aurrerantzean ere piperrautsok.