Azkartu

Errepasatzen aritu naiz iazko azken zutabea, eta tonu itxaropentsua dario. Urte amaieran, Asiako tsunamiaren parekoa izan zen Otegik eragindakoa legebiltzarrean, aurrekontuei hiru bai eta hiru ez iragarri zuenean. Maiatzeko hauteskundeak miran, urte polita zetorren 2005a.

Urtea joan da. Eta alde politaren ifrentzuan utzi ditu kontu zatarrak, gozotik adina izan du garratzetik.

Hauteskundeek ekarri zuten jeltzale eta sozialisten berradiskidetzea. Ondorioen artean, EAEko aurrekontu berriek izango dute aspaldiko babesik handiena eta, aldi berean, abiadura handiko trena egiten hasiko dira berehala, inor gutxik ezagutzen duen proiektu baten arabera.

Ezker abertzaleak eta Espainiako gobernuak jarraitu dute elkarri keinuka, baina 18/98 sumarioak aurrera darrai modu lotsagarrian, eta ETAren bonbak gero eta handiagoak dira.

Europa penagarri gelditu da udaberrian poto egin ondoren, baina euskal bertsolaritza zorrotz aritu zen Barakaldon, euskarak aspaldi eman duen ikuskizunik distiratsuenean.

Euskarazko hedabideen etorkizunak ilun jarraitzen du, baina euskal blogosferak bide berria ireki du, merkea eta oparoa.

Amaitzen ari den urtean, ez da ezer handirik gauzatu, politikan. Baina, era berean, ez da ezer handirik zapuztu. Eta horrek asko esan nahi du. Ea 2006an azkartzen den gertakarien erritmoa, ezer usteldu baino lehen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude