Madril, 1975. Euskal komunitatea antolatu guran genbiltzan, ordurarte euskal meza entzutera biltzen zen talde hura egituratu nahian, garaiko legedi frankistaren baitan. Hermandad San Miguel de Aralar deitu genion, eta ezagutzera emateko antolatu genuen musika jaialdi bat, San Juan Evangelista colegio mayorean. Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Antton Valverde ekarri genituen.
Abioiez etortzea eskaini genien, baina Lurdesen bihotz makalak ez zuela onartzen eta trenez etorri ziren. Ez daukat ahazteko Xabier, bufoi lanetan, oihuka: Emakumeaaaaaa! Izaki inperfektuaaaaa! Lurdes, ohituta, lasai, Anttonekin gauzak prestatzen, biak serio demonio. Xabierrek jaten zuen Lurdes jendaurrean.
Handik gutxira itzuli nintzen Madrildik, Franco hil orduko, eta Xabierrekin harreman dezente izan nuen bizpahiru urtez. Urnietako etxean bisitatzen nuen, Lurdesena zen etxean, Lurdesena ez zirudien etxean. Etxean ere Xabierrek Lurdes jaten zuen, kanpokorik egon ezkero.
Ez dok hamahiru hasi berritan, ni mutiko, kristorenak entzuten genituen Lurdesi buruz. Emakume ia bakarra zen mutilen artean, eta euskaldun fededunen gaiztakeriak bera jo zuen bete-betean: txima-luze sorgina, Leteren maitale, sexu libre eta abortoaren aldeko… Eta gainera kantatzen zuen: Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme… Hori guztiagatik bihurtu zitzaidan Lurdes askatasunaren ikono, bere ahizpa Joan Baez eta bere antitesi -edo ez hainbeste- Janis Joplinen antzera.
Geroago, entzunda dakit atzendu egin zela Lurdes Xabierren bizitzatik, hau politika profesionalean murgildu zenean, Gipuzkoako aldundian. Eta bere tokia berreskuratu zuela irmo, Xabier ibili zenean herioarekin keinuka. Kanpotik ikusita, beti ere Xabierrek jaten zuen Lurdes.
Eta, hala ere, bidegile handia izan da Lurdes emakumearen alde. Bere kantuak edo idatziak baino, horixe maite izan dut nik gehien: Lurdes izan den pertsona, euskal gizarte elizkoi, atzerakoi eta karlistaren baitan.
hola Lourdes, soy una fan tuya, no encuentro tus discos, por favor me remitiras ez gauden Korforme?
Ezkerri asko.