Olentzerori

Ikazkin adiskide:

Ez naiz eskatu zalea, zerbait lortzeko orduan gehiago sinesten dut norberaren ahaleginean. Eta, ahalegindu naizen heinean, ezin dut esan bizitzak txarto tratatu nauenik. Horregatik, gaurko gutun honetan ez ditut aipatuko osasuna, dirua eta maitasuna, ez baitut horietan falta handirik sumatzen.

Baina eskean nator, eta ez nolanahiko eskariarekin. Aspaldi entzun nuen, eta barrenean ondo gorde, ondorengo otoitza: Eskatzen diot (dena delakoari) indarra, alda dezakedana aldatzeko; etsipena, alda ezin dudana onartzeko; eta inteligentzia, bata eta bestea ondo bereizteko.

Bizi programa mardula iruditzen zait. Eraldaketa behar du gizarteak, injustizia handiak dituelako bere baitan. Eta eraldaketak eskatzen du gizakiaren indarra, gogoa, kontzientzia. Horiek gabe, leize zuloan geundeke, lau hankatan ibilki. Baina, neurri berean, gizakiak behar du konformidadea mugak onartzeko, ez tematzeko haitza zulatzen buruarekin, ez harrotzeko teknikarekin natura mendean hartu guran. Eta, ezinbestean, inteligentzia handia behar da bereizteko zer eraldatu eta zer onartu.

Indarra, etsipena eta inteligentzia, horiek nire eskariak, Olentzero. Ez dakit zure ohiko hornitzaileek izango ote dituzten. Aurkitzen badituzu, hartu bakoitzetik ahal duzun guztia. Ezagutzen dut, nitaz gain, behar dituen lagunik.

Gabon, zuri ere.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Olentzerori-ri

  1. egilea: Patxitrapero

    Aspaldi hartu nuen erabakia nik, gauza txikiekin galtzen ikasteko, eta haundiekin, sekulan ez etsitzeko.

    Gizartea aldatzea langintza haundia da, beraz…

    Zeu Mikel, eskean zabiltzan momentutik, badaukazu esperantza. Alkartuko gera, behin baino gehiagotan bidean.

    Esan nizun bezela, tertulialari kaxkarra izango nintzateke. Txistuen gaiari buruzko iritzi bat osatu gabe nago oraindik, hemen nabil pentsatzen… 😉

    Ondo pasa gabonak, osasunez, maitasunez, eta sukaldean lan gutxi eginez, ahal dala.

  2. egilea: mikel

    Ba tokatuko zaidak sukalde lanik, Patxi. Ez beste sukalde horietan, eta tamalez zioat hau, ze nahi nikek horretan lagundu eta gure betiko gatazkan bake pixka bat hartu ahal izatea, beste makina bat arazoei heltzeko. Sukalde lana etxean izango diat, urte berri egunez 15 bat lagunei bazkaria emateko.

    Tertuliano galanta hago egina blogosferan. Ez daukak horretan hutsunerik.

    Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude