Ez dut esango bertsozale amorratua naizenik, baina estimatzen dut bertsolaritza eta hunkitu egiten naute bertso batzuk. Dena den, atzokoari bazerion egun handietako zer berezi hori, gertakizun galduezinei dariena. Eta, goizean apur bat, baina arratsalde ia osoa ikusi nuen telebistaz. Ondokoak gorde ditut oroigailuan (?):
- Areto bikaina: Apostu latza zen BECera joatea, baina orain esan daiteke erabat asmatu dutela aretoarekin. Itxura zoragarria zuten telebistako plano orokorrek. Eta Egaña irabazleak aipatu zuen belodromoa baino sabai bajuagoa izanik, oholtzatik antz handiagoa zuela plaza txikiarekin.
- Jendetza itzela: Lepo bete zen aretoa, jende nahiko gaztez. Kanarietatik-eta etorritako repentistak sinetsi ezinda zeuden, no hay palabras zioen batek. Eta, ez da atzoko kontua, baina atzo inoiz baino argiago ikusi zen bertsolaritza hedatu egin dela inguru rural euskaldunetik inguru urbano erdaldunetara. Entzuleak, bertsolariak, gaiak eta moldeak, dena aldatu da.
- Lan harrigarria: Bertso guztiak ez ziren izan biribilak, baina hala ere harrigarri egiten da aulkia hitza eman, edo aspaldiko partez begiak busti egin zaizkizu eta zapla-zapla bertsotan jardutea ganoraz. Gai posibleek ez dute mugarik eta, hala ere, suelto ikusten dira bertsolariak edozertaz. Lastima gero berbetan lotsati samarrak izatea guztiak, bestela tertulietarako aproposak lirateke.
- **Egaña gorago*: Lehiakideren batek agurrean kantatu zion gu baino gorago zaude eta niretzat ere nabarmena da hori. Esango nuke Andoni dagoela bere onenean; urte nahikoa darama bertsotan ofizioa erabat menderatzeko eta bizitzaren tolesdurak ezagutzeko, eta aldi berean oraindik fresko dago ausart izateko, gaien trataeran esperimentatzeko. Begi bustien* gaiarekin sortu zuen kontakizuna lekuko.
- Txistuak sobran: Ohikoa izango da, baina beti sentitzen dut auzo lotsa horrelakoetan. Edozein sari banaketan agertzen bada erakunde, banketxe edo enpresa handiren bateko ordezkaria oholtza gainean, automatikoki txistu jo behar zaio, besterik barik. Atzo ere zaparrada aguantatu behar izan zuten zinegotzi, sailburu eta abarrek. Gauza primitiboagorik! Nola ezkontzen da hori beste guztiarekin?
- Euskara prestijiatu: Atzoko ekitaldiak asko balio du. Han zegoen jendea, Kilometro-Ibilaldi-etabarretan ez bezala, euskalduna zen, eta disfrutatu egin zuen euskararekin, hunkitzeraino. Eta kanpora eman zen itxura oso ona izan zen: modernoa, jendetsua, gozatzekoa… Ziur nago euskara gutxi dakien bat baino gehiago inbiditan egon zela atzo.
Horrelakoak behar ditugu. Zorionak antolatzaile, bertsolari eta parte hartzaile guztiei!
Asko gustatu zait zure kronika. Txistuen atal horretan, txistulariren baten iritzia entzungo nuke hala ere, gustora.
Gauza batetan ez nator bat ordea, eta zuri ere badagokizu hau:
Tertulietarako aproposak izango liratekeela bertsolariak diozu, lotsatiak ez balira. Bertsolariak ordea, tartetxo bat izaten dute bertsoa pentsatzeko. Bertso barruan denbora gehiago ere bai, zernahi aldatzeko ere. Tertulietan ibiltzen direnak berriz, orokorrean, ez dute esan behar dutena pentsatzeko tartetxorik hartzen. Gehiago izaten da bapateko defentsa, hausnartutako aportazioa baino.
Esan behar didazu noiz aritzen zeran irratian, zure perfila egiteko. Ea ze nolako tertulialaria zeran. Ze ahots daukazun ere ez dakit eta!
Ni tertulialari kaxkar-kaxkarra izango nintzateke, hori bai esaten dizut.
_
Kaixo Mikel,
Niri ere asko gustatu zait zure kronika.
Zuk esandakoez gain, gai jartzaileen lana nabarmenduko nuke. Ah ze saltsa sortu zuten atzo: ofizioetako zortziko txikiko gai guztiak ziren umorea lantzekoak, puntuka aritzekoak ere bai, gai sakonakoak ere proposatu zituzten, zabalak, begi bustienaren gisakoa, bertsolariek haien dohainak erakusteko modukoak. Barreak eta malkoak, orotariko gaiak entzuleen gozagarri. Gai jartzaileak ere bikain.
Txistuen kontua,… ni ez naiz instituzioen zale, baina galde dezaietela Bertsozaleen Elkartekoei erakunde horiek zer garrantzi duten Txapelketa honetan (haien sustengurik gabe ziuraski txapelketarik ez). Beraz, nik beste situazioren bat probestuko nuke txistu egiteko.
Segi bizkor!
Patxi,
tertulian aritzeko bertsolariek baino denbora gehiago izaten dugu hausnarketarako. Lehenengo, informazioa jasotzen dugunean, prentsa/irrati/sare/telebistan, hartzearekin batera prozesatu eta merezi duena artxibatu egiten da. Gero, tertulia baino ordu batzuk lehenago, menua ematen digute eta aukera izaten dugu informazioa osatu eta puntak ateratzeko. Eta gero bai, tertulian bertan adi egon behar da besteek esana kontuan hartzeko. Ez dakit beste batzutan, baina Mezulariako tertulietan uste dut hari-mutur dezente ateratzen ditugula, entzuleak nahi duenari tira diezaion. Nik parte hartzen dut asteazken eta ostiraletan, 19:30-20:30 tartean. Gustura entzungo nuke zure iritzia, seguru balio didala.
Aritz,
ados gai jartzaileak goraipatzearekin. Bertsolarientzat exijente, entzuleentzat entretenitu. Bai, lan ona da. Eta txistu kontuetan ere nik baino argiago adierazi duzu: arrazoirik badago, aukeratu ondo unea eta bidea, baina ez kakaztu sistematikoki eta jendaurrean laguntzera datorrena.
Eskerrak bioi eta izan ongi!
Primitiboa ez, pepelerdoa eta demagogoa!
“Gazteok miseria gorrian bizi gara”… betiko leloa. Eta Kutxako komunikazio arduradunak edota Bilboko kultura kontzejalak horren errua dute. Dana txalo, dana zorion, dana positibo… zorigaiztoko lauzpabost “deabru” hoiek kenduta. Imajinatzen duzu zeure burua beraien tokian? Nahikoa gogorra da berez publikoaren miresmena jasotzen duen bertsolaria izan beharrean enpresa – langile edo politilari gris bat izatea (han ez zegoen “arrain lodirik” alajaña), gainera publikoaren gorrotoa jasotzen bukatzeko.
Txistu egin zutenen artean egongo zen funtzionario bat baino gehiago, aitatxoren diruetatik bizi den bat baino gehiago, diru publikotk probesten den bat baino gehiago, eta deskuidatzen bazara zapaltzaileren bat ere bai…
Agian horrelako figura grix bat eszenariora erridikulua egiteko beldurrez igoten denean, beraien burua erreflejatuta ikusten dute txistulariek. Bai… beraiek, oholtza gainean egoteko habildaderik eukin ez, eta beste txistukatu horiek betetzen dituzten postuetara heltzeko kapazidaderik ez… betikoa, inbidia galanta txo!
Txistu egin zitzaien PNVkoak zirelako, ze kultura sailburua Tasio Erkizia balitz zer? Agian PNVko guztiek txistuka hasiko lirateke…
Lizarra Garazin ez zitzaien txisturik egiten, baina zapalkuntza berdin berdina zegoen eta EHk aurrekontu neoliberalak aprobatu zituen.
Txistu egiten zuten askoren Mercedes Vitoak ikusi nahiko nituzke.
>Txistu egin zitzaien PNVkoak zirelako, ze kultura >sailburua Tasio Erkizia balitz zer?
Txapela jantzita igoko zela txapela ematera.
>Agian PNVko guztiek txistuka hasiko lirateke…
Ongi etorriak. Behintzat horrela zeozer egingo zuten beraien txiringito-instituzioetatik kanpo. Nik ez diot esango inori ea txistu, salto, oihu edo moño bat egiterik duen. Gero kritikatuko dut edo ez baina egiteko libre da.
Hemendik antza, ez omen da protestatzeko eskubidea oso bermatuta ikusten.
>Lizarra Garazin ez zitzaien txisturik egiten, >baina zapalkuntza berdin berdina zegoen eta EHk >aurrekontu neoliberalak aprobatu zituen.
Eta, zergatik sartzen gaituzu mugimendu politiko baten barnean? Nik txistu egin dut aipaturiko arrazoi horiengatik. Aitzakiren bat behar baduzu jendearen protesta nahia azaltzeko ez zara hain urrun joan behar.
Halarik ere Lizarraren BAKE prozesua hor sartzea… marka da gero!
>Txistu egiten zuten askoren Mercedes Vitoak ikusi >nahiko nituzke.
“Mercedes” (Vito edo Vitorik gabeko) ageriko bakarrak oholtzara auto-propaganda egitera igo zirenak izan ziren; baina Vito bat erostea nire herriko egoera kulturala konpontzeko balio badu… esan, faborez, zein konzesionariotan eros daiteken.
Eztabaida jarraitu duenari gauzak argitze aldera, azaldu nahi dut Mikel izenarekin agertu den mezua ez dela nirea, Mikel Irizarrena. Hortik aurrera, oso manikeo ikusten dut Axier, gu erabat errugabe, haiek erabat errudun; beraz, guk haiei txistu. Esan gabe doa oso bestelakoa dela nire ikuspegia.
Nik ez dut nire edo gure “erruduntasunaz” ezertxo ere esan. Gauza askoren erruduna izan naiteke baina han txistu egin izanaren arrazoiak beraienak bakarrik dira agintari publikoak diren heinean.
Txaloak jasotzeko beti prest agertzen diren moduan txistuak jasotzeko prest be egon beharko lirateke.
Eskatu ezin daitekena da kristorenak eta bi egitea urte osoan euskararen kontra(edo behintzat hori pentsatzen dugu asko ta askok) eta gero GUK emandako diruaren zatitxo bat berriz guri bueltatzeagatik…dena ahaztea, eta dena ze polita ta ze goxoa dan esan beharra.
Adibidetxo bat jartzearren…Bilboko euskara zinegotziak Bilboko bertso eskolakoei lokalik gabe utzi bazituen Sorgintxulo botatzean… ez didazu ba eskatuko hori ahaztea non eta Bertso Txapelketaren Finalean zta?
Txistu egiten dizuegu
Aitor dut. Nik ere txistu egin nizuen. Gogotik gainera. Modernoek, gauza primitibotzat ei dute txistu egitea. Ba bai, euskara baino zaharragoa izango da txistua, baina maite dugu. Erabilgarri zaigu. Gogoa ematen digulako, eta ez erritual bat delako, ez ohitura bilakatu delako. Ez.
Gure politikari eta agintariak ohituak, ohituegiak daude, gure iritzia, botua, papeleta lau urtean behin jasotzera, eta kitto. Ba benga, lau urtean behin da txapelketa ere, eta lau urtean behin bederen, entzun dezatela minutu pare bateko txistualdia. No te jode!
Txistu egiten dizuegu, eta aitortuko dizuet zergaitik. Ez gaudelako konforme. Ez dugu ontzat jotzen zuen kultur politika, hizkuntz politika, joera desarrolista ero hau, bazterketa, ukazioa .
Txistu egiten diogu Miren Azkarate andereari, entzun dezan. Euskal kulturaren arduradun behar duen horrek, behintzat minutu batez jaso dezan jendea askoren iritzia. Irrintzia. Txistua.
Txistu egiten diogu Bilboko udaleko arduradunari. Besteak beste, Euskal Herriko bertso eskolarik zaharrena, Santutxukoa, aterpe barik geratu delako Sorgintxulon. Bai, txistu egiten diogu. Eta zer?
Txistu egiten diogu Belen Graves andereari, Bizkaiko herri txikietan ez dagoelako politika kulturalik, euskararen alde Gotzon Lobera jarri duten arren, herrietara ez delako politika hori heltzen, egunkarietan geratzen delako, ordaindutako iragarkietan
Txistu egiten dizuegu eta ozen! Gure aldarria ez da izango Zolaren JAccuse hura bezain indartsua agian, baina gure salaketak bidea hartzen du. Entzun gaitzatela.
Txistu egitea libre da, baita oiloak perratzea ere. Kontua da batak zein besteak zertarako balio duen. Patxik bota dituen arazoak potoloegiak dira lau urtean behin bakarrik eta txistua joz bakarrik aldatzeko.
Bale, hori beste galdera bat da.
Zertarako balio dute iritzi artikuluek?
Eta irratietako tertuliak?
Gaur goizeko gosariak zertarako balio izan du.
Eta agurreko bertsoa, beharrezkoa al da?
Uste dut, txistuak balio dutela. Protestek, orohar balio duten bezala. Formak zaintzeak, formalismoa dakar… eta azkenean, euskalgintzako sektore asko horretara mugatu dira, itxurak egitera. Itxurak egitetik, itxurakeriara jauzi oso oso txikia dago. Pasilo labur bat eta parean bulegoa. Jaten ematen digun bulegoa.
Bertsogintzak jakin izan du azken hamarkadetan, errebeindikazioa, pasiloko lana eta herrigintza uztartzen, kultur ikuspegitik.
Txistuak beharrezko zaizkigu oraindik, euskaltzale, bertsozale eta Euskal Herriko biztanle garenoi.
Eta badute bere garrantzia, bestela ez ginateke hemen horretaz arituko.
Eta hori egin genuenok, ez gara lau urtean behineko “ekintza hutsean” geratzen. Urte osoan, gauza hoien alde argi gara lanean, txistuka barik, kantari askotan. Baita oihuka ere. Eta uste dut, nahiko ondo ari garela, ahal dela behintzat.
Arian-arian, azkenean iritsi gaituk topagunera. Hire azken mezuarekin ados, Patxi. Ñabardura txikiren bat, agian, baina hurrengo baterako utziko diat, oraingo hau nahiko luze joan duk-eta. Eongo gatxik.
Berandu iritsi duk hirea, Asier, baina eztabaidak merezi zian horrelako amaiera zentzuzkoa. Eskerrikasko!
Berandu iritsi duk hirea, Asier, baina eztabaidak merezi zian horrelako amaiera zentzuzkoa. Eskerrikasko!