Etxera

Demagun Ion Agirrek epaiketa justua izan zuela bere garaian; justiziazko epaiketa, alegia. Asko ematea da hori, hogeitaka urte geroago diharduen epaiketa tzarra ikusita, besteak beste. Baina utzidazue ariketarekin jarraitzen.

Epaiketa eta epaia justuak izanda ere, Ion Agirrek beteak ditu zigorraren bi herenak. Ez atzo eta ez herenegun, baizik duela hamar urte. Hain zuzen, lehengo justizia bera erabilita, Ion Agirrek etxean behar zuen duela hamar urte.

Gainera, Ion Agirre gaixorik dago. Berezko osasun arazoak areagotu egin dizkio 24 urteko kartzela aldiak, eta berriak eragin. Gaixo larri eta kronikoak ditu, zerrenda luzean. Horrelakoetan, gizatasunak exijitzen du –eta legeak baimentzen- presoa etxeratzea, bere gaixoak zaintze aldera.

Justizia eta gizatasuna kontuan, Ion Agirrek etxean behar zuen orain baino lehen, aspaldi. Baina kartzelan dirau, eta mendeku usaina dario kartzelan iraun behar honi. Eta mendekuak gaina hartzen dienean justiziari eta gizatasunari, zerbait ustel dagoen seinale da, edonor dela biktima, edozein gizartetan.

Ion etxera ekartzeko, justizia eta gizatasuna berriro goienean jartzeko, manifestazioa izango da larunbat honetan Arrasaten, alderdi eta eragile askok deituta, Udala bera tarteko. Beste behin, adostasun oso zabala eragin du Ionen kausak. Gurean ustela gainditu nahi den seinale.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Etxera bidalketan

  1. egilea: mikel

    Urte honen hasieran sortu zen Ion Agirreren aldeko ekimena. Orduko mugimenduari esker, seguruenik, Ion Langraitzen dago eta bere gaixoak zaintzen ari zaizkio. Oraingoak lortu behar luke azken bultzada, Ion ekartzeko etxeraino, Aramaiora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude