Ulertzen ez, eta susmoa

Zain geunden ea noiz iristen ziren aro berriaren lehen emaitzak: su-etena, presoen hurbiltzea, epaitegiak baretzea, esparru komunak bilatzea… Baina, etorri dena oso bestelakoa izan da: EAJk akordioa lotu du Madrilgo gobernuarekin haren aurrekontuak babesteko, eta trukean derrepente egingo omen dira Pasaian kanpoko portua eta Abiadura Handiko Trena (AHT), gehi zientziarako azpiegitura bat.

Tratu honen inguruan, ez dut ulertzen zenbat kontu, eta susmo bat piztu zait.

Ez dut ulertzen EAJren lehentasun erabatekoa izatea bi herrilan itzel horiek, eta ez eskatu izana –esaterako- babesa hemengo gobernuaren aurrekontuentzat. Herritarroi dagokigunez, niri behintzat badatozkit hamaika truke-txanpon urgenteagoak: kartzela eskumena, agian, lehena.

Ez dut ulertzen Pasaiako portua nola bihurtu den, hain denbora laburrean, ideia zorotik ekimen ezinbestekotan. Badia biziberritu egin behar da, bai, baina horrek ez du derrigorrez eskatzen kanpoko portua. Badaude inguruan Baiona eta Bilbo, eta auskalo noiz arte iraungo duen txatarrarenak Pasaian. DV egunkariak nahi du Gipuzkoan ere herrilan handiak egitea, eta Gipuzkoako Aldundiak ez du ulertzen herrialdea porturik gabe. Baina, hori baino gehixeago beharko da ba, triskantzan hasteko!

Ez dut ulertzen euskal gobernuaren tema AHTrekin. Maturana sailburu sozialistak modernitatea ekarri nahi zuen 80. hamarkadan, bere alderdikideak Espainiara nola, AVEri esker. Hori nahikoa ez, eta hurrengo saldu zizkiguten Europako ardatzak. Baina Frantziak Mediterraneo aldera jo du eta Madrilek ez du aurreikusi ere egiten Gasteiztik beherakorik. Argudio hau ere makala, eta orduan iritsi da merkantziena. Kamioiak kenduko omen dituzte errepideetatik, trenari esker. Funtzioa hainbeste aldatuta, nola balio lezake proiektu berak?

Ez dut ulertzen nola, arazoa merkantziak badira, ez diren aztertzen premiak zerotik hasita: pasoko garraioa, barnekoa, nondik nora, zenbat… Pasoko kamioientzat, nahikoa izan daiteke –Suitzan bezala- tren geldoa Baiona eta Miranda artean, kamioak gainean dituela, eta lehengo bidetik. Eta barne garraioa oso konplexua da abiadura handiz eta geltoki gutxirekin konpontzeko. Produkzioa oso sakabanatua dago, hura garraiatzeko beharko da sare zerratua, geltoki sarriak, zainetan trena eta kapilarretan kamioiak.

Ez dut ulertzen zergatik ez den aipatu ere egiten Bizkaia eta Gipuzkoako demografia. Abiadura handiak zentzu erabatekoa du hiribilduen artean basamortua dagoenean, Gaztelan bezala. Eta ez du zentzurik, tartea badago biztanlez betea. Nola joango da Gipuzkoa osoa Donostiara trena hartzera, Gasteiza edo Bilbora bidaiatzeko? Ezkioko geltokiak konponduko du arazotxo hori?

Ez dut ulertzen gai garrantzitsu honen pitzadurak estali nahi izatea eufemismo eta faltsukeriekin. Tren honi ezetza ez da trenari ezetza. Eta gauzak ez dira aldatzen, besterik barik, abiadura handia dioen tokian prestazio handiak esanda.

Ez dut ulertzen zergatik agintariek nahi duten iritsi gai honekin -hain presaka- itzuli ezineko puntura. Elkarrizketa mahaiak abiatzeko direnean, adostasun zabalak eraikitzeko bezperan, ez litzateke hobe geroko uztea gai gatazkatsuak edo zalantzazkoak, giro hobean heltzeko, aurrerago?

Hainbeste kontu ulertzen ez, eta susmoa piztu zait. Zer dabil hemen, benetan? Hormigoiaren erotika? Garapenarekiko lilura baboa? Edota, negozio latzen bat? Trenaren lehen aurrekontua da 6.000.000.000 eurokoa; lehengo pezetetan, milioi bat milioi. Eta amaierarako bikoiztu egin daiteke. EAJ da diru anonimo gehien jasotzen duten alderdietako bat…

Eta sentitu naiz inozo, akordio politikoen tximiniari begira, ke zuriaren zain.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Ulertzen ez, eta susmoa-ri

  1. egilea: Joxe Aranzabal

    Agintean dagoen alderdiak dirutza horren %10 kobratuko balu, horrekin bakarrik etorkizuna ziurtatuko luke hemendik gutxira agintetik kenduko balute ere. Klabe horretan bakarrik uler dezaket zer gertatzen ari den.

  2. egilea: inaxio

    Ados nago erabat esandakoekin. Abiadura handiko trena baino presa handiko trena ematen du honek, ez dute behitzat bere beharra azaltzen-eta denbora askorik galdu (Interneten behintzat ez).
    Horrek baino gehiago harritzen nau ordea jendearen axolagabekeriak: erabat desaktibatuta dago iritzi publikoa gai honen inguruan (hain kanpaina ona egin ote zuten ba?). Inor ez da arduratu (alderdi politikoez ari naiz) kontra egon daitekeen iritzi hori batu eta baliatzeaz ere (Aralar eta EHAK, baina batek indarrik ez eta besteak bestela ere nahikoa lan bai). Horren gutxi (horren eskasak) al gara tren puta horren kontra gaudenak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude