Gudari zaharraren hiletan

Atzo ehortzi genuen Ormaiztegin Xanti Intxausti, osaba eta gudari ohia. Beste gudari bat, Txiki, atera izan dut hemen eta aipatu Ormaiztegiko intxaustitarren ukitu berezia. Xantik ere bazuen horretatik, ikusiko duzuen bezala. Gerra

Hogei urte bueltan zituen Xantik, gerrak irten zuenean. Famili ugaria bizi zen Telleri-zahar baserrian gurasoekin, baina bera zen etxerako gelditzekoa, maiorazkoa ez zen arren. ANVko militante egin zen, orduko ezker abertzalekoa. Bere aita, aitona Julian, errepublikarra zen, Azañarena; anaia Juan Mari, sozialista; Txiki lehengusua, komunista… A ze koadrila! Zerbaitegatik izan ziren Telleri-zaharrekoak famili bakarra herritik alde egiten, frankistak hurbildu zirenean!

Berehala joan zen Xanti gudari, bere alderdikoekin. Txofer ibili zen eta, horri esker, autoz eraman ahal izan zuen familia Bizkaia aldera, gauez gidatuz, argirik gabe. Frentea Intxortatik Bilbora, eta handik Santander aldera, Santoñan amaitu zen gerra Xantirentzat, eta kalbarioa hasi.

**Batallón de trabajadores** deitzen zioten –beti eufemismoak- presoak lanean debalde aritzeko sistemari. Xantiri egokitu zitzaion **A Coruñako aireportua egin zuen taldean aritzea. Ez zeukan ahazteko La Bacolla izena eta han emandako izerdiak. Hurrengo, Andaluziara eraman zituzten, Cerro Moriano aldera, eta han aritu zen mandazain, Doña Filomena Diaz** baten kortijoan. Gero, umorez kontatzen zizkigun ibiliok, baina gose, neke eta umilazio latzak pasa zituen orduan.

Trabajadores

Dozena erdi bat urte eman zituen Xantik, galtzaile izatearen bekatua purgatzen, eta halako baten itzuli zen Telleri-zahar arpilatura, baserria berriro zutik jartzera.

Baina ez ziren han amaitu Xantiren andantzak. Juan Mari anaiak nazien aurkako gerran jarraitu zuen Frantzian –Gernika batailoiko kapitain sartu zen Parisen- eta handik zebilen hemengo makia antolatu guran. Behin Eibarko lagun bat bidali zuen Telleri-zaharrera, eta honek pistola bat utzi zion Xantiri, atzetik etorriko zen beste batek jasotzeko. Baina honen ordez polizia agertu zen, eta berriro dugu Xanti ziega baten preso.

Makia

Egurrari ahal izan zuena eutsi ondoren, aitortu zien poliziei pistola bota zuela etxe ondoko errekara. Orduan, trenez ekarri zuten herrira, toki zehatza esan zezan. Ormaiztegin, tren geltokia dago goi baten, eta Telleri-zahar beste muturrean. Irudika nezake Xanti galtzailea herria zeharkatzen, lotuta eta polizia artean, nazareno baten gisan ubelduta, leiho itxien zirrikituetatik jendea begira duela… Erakutsi die poliziei non bota zuen pistola, eta hara hor non ekartzen dituzten urpekariak, erreka ondoa miatzera. Urpekariak Ormaiztegin! Baina, urpekari eta guzti, ezin izan zuten pistola aurkitu… han ez zegoelako pistolarik! Xantiren amarrua izan zen, denbora irabazteko.

Beste egur aldi bat, -amarruaren amorruz, gogorragoa- eta orduan esan zien non zegoen pistola, zulo baten gordeta. Bigarren aldiz etxerainoko gurutze-bidea eta, ondoren, beste denboraldi bat kartzelan.

Joan-etorri horiek amaitu orduko, Xanti hasia zen mutil-zahartzen. Eta ezkondu egin zuten, Hondarribiko Pilarrekin. Sei bat urte izango nituen nik, baina gonbidatuta joan nintzen Guadalupeko ermitara. Bakarrik gogoratzen dut ze dotore nengoen nire gorbata gomadunarekin. Xantik eta Pilarrek, berandu hasi arren, hiru ume egiteko astia izan zuten.

Bizimodu normala

Baserriko lanez aparte, tailerrean ere hasi zen berriro Xanti, lehenengo Jose Mari Lasarekin, eta gero Irizarrenean, nire aitak eramanda. Karrozeria kooperatiba bihurtu zen, eta hemen ere gertatu zitzaion Xantiri oparia: jubilatzeko ordua iritsi zitzaionean lehenengotakoa izan, eta nola artean ez zeuden Lagun-Aron gauzak behar bezala prestatuta, beste bi urtez edo jarraitu behar izan zuen lanean.

Zahartzaro on samarra izan du Xantik. Pozik hartu zuen Francoren heriotza, eta umorez kontatzen zituen gerrako kontuak. Hala ere, tarteka antzematen zitzaion tristura puntu bat, intxaustitar guztiei dariena, herrian famili markatua izatearen zama, agian.

Azkentzea

Duela aste bete ikusi nuen azken aldiz, ospitalean. Azken txanpan sartua zegoen, burua joan-etorrian oxigeno faltaz, maskarillarekin. Bere eskua neuretan hartuta neukala, halako batean gogorarazi nion bion arteko txantxa bat. Nik esaten nion, inoiz bisita-txartela egiten bazuen, jartzeko: Santiago Intxausti, constructor de aeropuertos eta Xantik barre egiten zuen. Hori errepikatu nion ospitalean eta berak, hortzik gabe, maskarilla traban, eta burua dantzan, indarrez erantzun zidan: La Bacolla!

Orain, azkenean, gudari zaharrak hartu du atseden, betiko loa.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Gudari zaharraren hiletan-ri

  1. egilea: Maite

    Ezautzen dittuan kontuk beste modu batea aitzek itten dona! Ikututa bukau det irakurtzez, oso politte. Eskertzekoa.

  2. egilea: Maite

    Ezautzen dittuan kontuk beste modu batea aitzek itten dona! Ikututa bukau det irakurtzez, oso politte. Eskertzekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude