Zero

Zenbaitek euskaraz hutsa ere esaten dio, deus ez dela adierazteko. Matematiketan, ikasi genuen zeroa zela zulo beltz magikoa, beste edozein kopuru bider zero bihurtzen zela zero, zulo beltzak zurrupatuta. Ikusi berri dut nola, politikan ere, zeroarekin egin daitekeen magia.

Joan den larunbatean izan nintzen Madrilen, manifestatzera joanda. Ez apezpiku eta eskuindarrekin, ez larritu. Zuen artean, letra txikia irakurtzen duenak bakarrik jakingo du Madrilen bazela larunbat eguerdian beste agerraldi bat, Sahararen alde.


Italiarrak manifan

Hain zuzen, oraintxe bete direlako 30 urte Espainiak Marokori jaregin ziola bere kolonia ohia. Hain juxtu, aldarrikatzeko amaiera justua, 30 urtez dirauen sufrikario honentzat.

Jende asko bildu ginen. Gurutze/Fatimetu arrebak aspaldi ez omen zuen horrelakorik ikusten, eta ia denak ikusi ditu.

Sahararrak ere erruz bildu ziren, nonbait lurralde okupatuetako borrokak suspertu egin ditu kanpoan daudenak. Antolatzaileek 30.000 lagunen kopurua eman zuten, eta ez ziren asko erratuko: Madrilgo plaza nagusia bete egin genuen, eta hura handia da.

Beno, bada nola gobernu sozialista joko ilunetan dabilen Marokorekin, eta gai hau estaltzea komeni zaion, PAIS egunkariak txoko txiki baten eman zuen albistea honela: Ziento batzuk bildu ziren (3.000 antolatzaileen esanetan)

Zero soil batekin, izatetik ez izatera.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude