Bigarren abizena erantsita atera zen plazara, ez genezan nahastu izen bereko aita famatuarekin. Orain, ordea, aita erretiratua dago, ahanzturaren auzora. Eta semea ari da famatzen, lan onaren poderioz.
Oso gustuko dut Imanol kazetaria, lantzen dituen errejistro guztietan. Irakurri dizkiot elkarrizketa mamitsuak, kronika argiak, analisi zorrotzak, eta erreportaje mardulak. Azken arlo honetan, gogoratzekoa da aurtengo udan idatzi zuen bi orrikoa Berrian, Guardia Zibilak aspaldi ETAri jarri zion segadaz, Pasaian. Zenbat informazio zegoen han, eta ze argi emana! Kazetari handia nabari zen bi orri haietan.
Orain, Berriak aukera ireki duenean, blogean hasi da Imanol, Mahai jokoan. Eta hemen ere bikain ari da, egunkarian idatzitakoa osatuz bere iritzi eta bizipenekin. Zinez gomendatzen dizuet.
Pasaiako segada, Autonomoen kontrakoa (CAA) izan zen, hauek Enrique Casas PSEko politikaria garbitu ostean, mendeku bezala.
Zorionez, blogetan, dena zuzendu daiteke….
Eskertzen diat zuzenketa, Patxi. Buruz ari ninduan, eta…
Sustoa ere hartu dut, Mikel, zure blogean sartu eta azken mezuetako izenburu batean nire izena ikusi dudanean. Orain arte ez nuen irakurri! Zor txiki bat banuen zurekin lehendik, blogean hasi berritan zure erantzun eta animoei ez bainien erantzun ere egin (borde halakoa), baina ez estimatu ez nituelako, laudorioei zer erantzun jakin gabe gelditu nintzelako baizik (orain bezala). Eskerrik asko! (eta ez exajeratu, plis)