Ezaguna zitzaidan Guadalajarako herri hau, badelako han zentral nuklearra. Abiatu zen sasoian, zarata handia ibili zuten zentralaren alde eta aurka zeudenek. 80. hamarkadan, puri-purian zegoen indar nuklearraren eztabaida. Harrezkero, atzendu samar nituen biak, Trillo eta nuklearra.
Udan jakin nuen Trillon zabaldu dela antzinako bainuetxe historikoa, zeharo zaharberritua. Eta santu guztien zubia probestu dut hura bisitatzeko. Bainuetxe ederra da, egonaldiak merezi du harainoko bidaia. Eta ikusgarria da Cifuentes ibaiak herri erdian sortzen duen ur jauzia.
Baina behin han, berritu egin zait nuklearren gaia, saihestezina baita bi tximinia itzelak ikustea, eta zirraragarria haien irudia herriaren gainean. Herrian bertan, ez dut kezka apartekorik sumatu. Aldiz, zentralak sekulako dirutza uzten omen du udalean, eta herritarren bizi-maila tiro baten ei doa gora.
Normaltasun hura ikusita, gogoratu dut alemaniar berdeen lider historiko baten jarrera aldaketa, indar nuklearrari buruz: energia premia neurri gabe hazten den bitartean, hura asetzeko aukerarik sanoena omen nuklearra. Gogoratu ditut Boroako ziklo konbinatuko zentrala eta Urdunteko haize errotak, eta biei buruzko zalantzak.
Eta konturatu naiz, Trillotik bueltan, bideratzeke ditugun gaien artean ez dela makalena ea nondik aterako dugun energia urte batzuk barru.
Bai, izugarri aldatu da Trillo azken urteetan. Zentraletik lortutako dirutzarekin polita utzi dute, Ascó bezala. Urrutitik bai baina herri bertatik ez dira ikusten tximini itzel horiek. Bildurgarriak dira benetan.
Energia iturri guztiak eztabaidagarriak dira, ez dugu nahi ez zentralik, ez zabortegirik, ez tanatoriorik, ez …. baina , kaleetan, etxeetan, lantegietan,… gero eta argindar gehiago kontsumitzen dugu, inoiz baino zabor gehiago sortzen dugu eta, nahi eta nahi ez, hiltzen gara 🙂
Gure inguruan nuklearrei buruzko eztabaida piztuko da berriro, seguru nago. Haize-errotek arazoak dituzte, itsas-indar zentralik ez dugu nahi, ziklo konbinaturik ezta, ur-presarik zer esanik ez, gasa gero eta garestiagoa, eguzki energi landak arazoak izango lituzke, uff … azkenean nuklearrak eraikitzea berplanteiatu dute, ikusiko duzu.
Aurrerakoi, ekologiko eta eredugarri dugun Finlandian, esate baterako, zentral nuklear berria egitera doaz eta, Frantzian eta Alemanian bezala, energia iturri nagusia nuklearra izango da.
Erabakiak sekulako eztabaidak sortu ditu, baina dirudienez zentrala eraikitzea aurrera doa. Eta, seguruenez, Europa osoan eredu bezala erabiliko da.
Nuklearrik ez! esan genuen sasoi batean, beste batzuk No nukes! esaten ari ziren bitartean. Baina 25-30 urte beranduago, kontsigna hutsek ez digute arazoa konponduko. Dagoeneko ez digu balio guk ezetz esateak, norbaitek soluzioa aurkituko duelakoan. Hori baino zerbait gehiago eskatu behar diogu geure burmuinari, kontsignatik haratago.
Ados zure mezuarekin, Eneko.
Agian ikusiko zenuen, baina begira zer dioen gaur Jonek Milwaukeetik, hain kontsumista eta xahutzailetzat ditugun yankiei buruz …
Imaginatzen duzu hemengo eskola bateko ikasleek 3 miloi pta, 18.000 euro, batzen energia garbia lortzeko? Ikasketa bidaia egiteko, agian bai. Energia aurrezteko … etorkizunean, beharbada 🙂
Beldurra ulertzen diat, Patxi, baita konpartitu ere. Ez duk txatntxetako kontua bonba atomikoa jartzea etxeko atarian!
Etzaukat argi nondik atera behar genukeen energia. Bai uste diat gutxiago gastatu beharko dugula, iraungo badugu. Hortik aurrera, taula bat prestatu beharko dik norbaitek, esanaz zenbat behar den, eta iturri bakoitzak zer ematen duen, nolako ondorio eta arriskuekin. Eta herriak esan beza.