Tximinia

Ia egunero, eta iturri askotatik, esaten zaigu politikoak sendo ari direla lanean aro berriaren oinarriak adosten, zubiak berreraikita. Eta herritarrak begira jarri gara tximiniari, ea noiz darion lurrun zuria, adieraziz badugula denbora baterako ibilbide adostua.

Etorkizuna argitu bitartean, ordea, ez dago geldirik beste politika: interesena, negozioena, trukeena… Madrilen, jeltzaleek eta sozialistek lotu omen dute haien onarpena Espainiako aurrekontuei, eta hauek trukean agindu, berehalakoan egingo direla abiadura handiko trena eta Pasaian kanpoko portua.

Ez dakit Pasaiakoa, baina AHTren hasierako aurrekontua omen da 6.000 milioi eurokoa, lehengo pezetetan milioi bat milioi. Pentsa zenbaterako ematen duen dirutza horrek!

Hain zuzen, jakin berri dugu EAJ eta CiU direla, estatu osoan, diru anonimo gehien jasotzen duten alderdiak. Kasualitatez edo, bi alderdiek eman dute edo daramate 20 urtetik gora gobernuan, besteak beste, azpiegitura askoren lanak esleituz. Eta ezin dut aurrerago egin…

Baina, marko politiko berriak behar badu onarpen handiagoa zaharrak izan zuena baino, areago adostu behar lirateke hipoteka itzel horiek. Zergatik ez atzeratu dena apur bat, giro hobean eta denon artean erabakitzeko?

Bestela, pentsa dezakegu tximinia dela amarru hutsa, gu entretenitzeko, agintariak negoziotan ari diren bitartean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude