Bizikleta prestazen ari nintzen Elorriora jaisteko eta orduan entzun dut: beeeeeee! Eta ardi gazte bat hurbildu zait ariniketan. Ze kristo? esan diot nere buruari. Eta gero ardiari: Zer egiten don hemen? Eta, nonbait, hikaren hurbiltasunak eragina izan du ardiaren bihotzean ze, handik aurrera, nire hankari itsatsi zaio eta kieto. Mugitzen banintzen, bera ere bai. Gelditu eta bera geldi. Barrez hasi naiz, Babe txerritxoa gogoan.
Deliberatu dut artaldea bilatzea eta abiatu naiz, ardia hankari itsatsita. Errepidera irten dugu eta kaka-arrastorik ez. Orduan beherantza egin dugu, artaldeak ohiko dituen parajeetara. Bolungarai barrenean Txirri agertu da autoz. Gelditu, eta azaldu dit bere txakurrak sakabanatu duela artaldea. Zer egin? galdetu diot, nire maskota seinalatuz. Basoan apur bat sartu eta berton itxi berak.
Kaletar zintzo hau basoan sartu da, apur bat baino gehiago, eta buelta hartu duenean pega-pega eginda zeraman ardia, berton itxi ezinka. Errepidera itzuli eta beherantz jarraitu dugu, Antonio Polonio artzainak motozikleta uzten duen ingurura. Hara iritsita, pentsatu dut toki ezagunean patxadaz geldituko zela nire laguna eta, zakar planta batzuk eginda, hasi naiz erretiratzen, hasieran poliki gero korrika. Ez alferrik! Hamar segundura hankan pegatuta neukan ardia, arnas hestuan.
Bertan itxoitea okurritu zait, harri baten jarrita. Edo artzaina agertuko zen, edo bestela Fatima lanetik bueltan, eta haren autoan sartuta itzuliko nintzen etxera. Ardia nere bizkarraren kontra jarri da, belarra jaten. Eta horrela aurkitu gaitu goitik behera pasieran zetorren andrak. Hurbildu ahala, zabalduz zihoakion irribarrea, eta kontatu egin diot nire peripezia. Bai, ikusi zaitut mendian gora, ardia formal ondoan esan dit barrez. Horretan, iritsi da **Jon Iñaki Lasa, hantxe parean baitu txakurrak hezitzeko eskola. Hura ere hurbildu zaigu eta berak eman du soluzioa: ondoko intxaustegia hesitua dago, eta han ibili ohi dira ardiok; bertan sartu eta aurkituko dau artzainak. Zutitu naiz eta hankan pegatuta eraman dut ardia hesi barrura, beste biak barrez lehertzen ziren bitartean. Ikusi barik ezin sinistu zioen andrak. Txakurretarako be igoal ona izango haz** Jon Iñakik.
Han utzi dut gatibu, arratsalde bateko nire maitalea. Bera, negarrez. Ni, hunkituta.