Donostiako udaletxean izan naiz arratsaldean, Odon Elorzak harrera egin baitio Mohamed Adelaziz Saharako presidenteari. Atzo ezkero Euskal Herrian da, gaur goizean elkarrizketatu da Ibarretxe lehendakariarekin, eta arratsaldean zuen harrera ekitaldi instituzionala Leioan.
Donostiakoa xume joan da, udal ordezkariak eta Sahararen lagun batzuk elkartu gara familia giroan. Baina irudipena daukat bisitaldi osoa doala xume. Atzo ez zuten baimendu harrera aireportuan, segurtasun arrazoiak medio (?) Gero, gaueko albistegietan, euskal telebistetan, aipamenik ere ez. Bisitaldi ofiziala gaur hasten zen, egia, baina zer gertatuko zen egoera berean Bush etorri izan balitz?
Bere zailtasun guztiekin, Abdelaziz estatu burua da, mundu osoko 80 inguru estatuk aitortzen dute hori. Ibarretxe ez du inork aitortzen estatu burutzat eta, hala ere, nahi izaten du ondo har dezaten kanpora doanean. Gainera, Sahara oso hurbil sentitzen dugu euskaldun askok; aukera ona zuen euskal gobernuak parafernalia indartsua erabiltzeko. Zergatik hain umil? Ez da izango PSOE haserretu ez dadin?
Eskerrak ekitaldian agurtu dugun Nestor Basterretxea eskultorea, Sahara zale handia. Autorik gabe zegoenez, haren Hondarribiko etxean jarraitu dugu berriketa atsegina, té baten inguruan. Arindu dira nire goibelak!