Blog hau idazten hasi berritan, idatzi nuen neska blogarien eskasiaz. Eta atzo, Elgetako kantaldian, berritu egin zitzaidan hutsune hori, oraingoan neska kantautorekin.
Polita zen ideia, hamaika kantagileri eskatzea kantu bana Lauxetaren poemak erabiliz, eta horiekin diska eta kontzertua eskaintzea. Bikaina izan zen emaitza, eta argi erakutsi zuen euskal musikaren maila ona, profesionaltasuna eta sormena. Baina hamaika kantagileak GUZTIAK ziren gizakumenak. Eta emakume bakarra lan osagarrian aritu zen, lotura poetikoak egiten. Polita, nahi bada, baina osagarria. Beldur izan nintzen, bizkarra eman eta gerritik gora biluztu zenean, ez ote zuen buelta emango, bular pare batez apaintzeko emakumeen ekarpena ekitaldiari. Zorionez, ez zuen egin.
Amaitzeko, bikaina da hamaika kantuak biltzen dituen diskoa, gomendatzen dizuet erostea.
Kontatu esku batekin zenbat kantu egile neska dauden gurean. Zenbat?
Justu horren gainean egon ginen berbetan afaritan. Aukeraketa egin da dagoen lekutik. Fortsatzea ere ez zen kontua eta… Rafa Ruedak bere ingurukoak batu ditu disko eta emanaldi hauetarako.
Kontzertuaren osteko iritziak batu dira goiena.net gunean.
Ez nintzuan diskriminaziorik salatzen ari, Iban. Kantagintza berriaren hasieratik gutxi izan dituk neska kantariak, are gutxiago kantugileak. Eta orain ere esku bateko hatzak larregi dituk daudenak zenbatzeko. Zergatik, baina? Hori zuan nire kezka.
Bide batez, adi Ines Osinagari (Isarevolution, Gose). Zer potentea jatok hor.
Asteazkenean, Bidabarrietan, Rafa Ruedak, Txuma Murugarrenek eta Xabi Strubellek eman zuten hitzaldira joan ginen eta han galdetu genien zein izan zen arrazoia neskarik ez egoteko eta erantzun zuten, hasieran asmoa egon zela neskaren batzuk parte hartzeko baina lan arazoak zirela eta, azkenean atzera egin zutela. Ziur nago horrela izan zena eta emanaldia berdin-berdin ona izango zela neskekin zein neskarik gabe, ziur nagoen moduan denak neskak izanik ere itzela izango zela. Baina neska naizelako beharbada, txarto pentsatzea ere tokatzen zait eta egia esan mutilen artean neska bakarra egotea estetikoki ederra da, baina alderantziz zer esanik ere ez!