Begietako gaitz batek eder bihurtzen du urrinekoa, eta arrunt bertakoa. Hamalau esaten zaio gaitz horri, intxaurren kontu hura gogoan.
Jakin berri da Goiena Telebista sartuko dela, urritik aurrera, CIES enpresaren audientzia neurketan. Bikain! Ze, audientziez gain, neurtuko da ea debagoiendarren artean zenbateraino dagoen hedatuta hamalau sindromea. Hau da, urrineko telebistak eder, bertakoa arrunt. Badut kuriositatea.
Lehendik ere sendo ari bazen, Goitbk berrikuntza handiak izango ditu hurrengo denboraldian: oso nabarmentzeko dira ia hamabi orduko emisio etengabea, eta orduoro egingo den albistegia. Uste dut bete-betean asmatzen dutela horrekin. Emisio jarraitua da ezinbesteko baldintza audientzia harrapatzeko; eta albistegiak, tokiko telebistaren balio nagusia.
Kontua da, jardunean, telebista oso profesionala daukagula ibarrean, eta ez dakit behar adina konturatzen garen. Hain da profesionala, esportagarri ere izan zitekeela. Zergatik ez du eman behar Euskatelek bere sare osoan Goitbren seinalea? Zergatik izan behar du gureak arrunt euskaldunentzat? Zertarako hamalau?
ETB1 egurtzen dugu, batzuetan arrazoi onez. Baina ETB1en arazo nagusia da euskaraz bakarra dela, eta euskaldun guztiak ase behar dituela. Baleude gehiago euskaraz, zapping egiten dugunean, aukera gehiago legoke audientzia euskalduna harrapatzeko euskarazko kateetan.