Eskandalizatuta gabiltza egunokaz, Maroko ari delako basamortura eramaten Ceuta eta Melillara pasatu ezinik gelditu diren etorkinak. Eskandalizatuta gabiltza zorioneko erakunde eta kazetari batzuk zelatan ari zaielako etorkinez lepo doazen autobusei. Ikusteak eragiten digu eskandalua, eta ez ikustean lasaitu egiten gara.
Baina Marokok egin izan du gauza bera orain baino lehen. 2004ko uztailaren 9an idatzi nuen GOIENKARIAn ondoko hau:
JERRAS
Ekainaren bigarren astean, bazebilen euskaldun bat Saharan arkeologia lanetan, EHUk eta RASD sahararren errepublikak hitzartutako egitasmoaren baitan. Derrepente, non aurkitzen dituen hogeita bost gizakume indiar itxurakoak. Euskalduna luze ibilia zen Indian eta hurbildu egin zitzaien, irrikan. Orduan jakin zuen historia harrigarria.
India eta Bangla Desh-etik irten ziren, Europara etorri guran, mafia baten eskutik. Arabiar emirerriak eta Etiopian zehar, ekarri zituzten Casablancaraino (Maroko), pateran sartu eta Espainiara pasatzeko. Baina seko engainatu eta eraman zituzten Sahara aldera, RASD-en lurralde askeen mugaraino. Hemen utzi zituzten militar marokoarren esku, eta hauek jare egin zieten basamortuan, tiroz hiru hil ondoren. Egun batzuetara aurkitu zituen Polisarioko patruila batek, hil zorian. Aurkikuntzaren berri eman zioten Nazio Batuetako Minursori, baina hauek erantzun ez daudela horretarako, bakarrik bake plana aurrera eramateko. Eta han daude harrezkero hogeita bostak, Polisariokoen base militarrean, inorako bidean.
Han aurkitu zituen euskaldunak, eta itzuli denean mugitzen hasi da. Haiek emandako gutunak helarazi dizkie familiei. Eta egin duen zaratari esker, badirudi azkenean Nazio Batuek helduko diotela gaiari. Euskaldun honek Errasti du abizena, eta bergararra da. Lagunek Jerras esaten diote.
Aupa, Mikel! Niri ere okurritu zitzaidan Marokoko gobernua gai zela horrelako beste putakeria egiteko, banuen-eta zuk aipatzen duzunaren berri, eta horra non, horixe gertatu den, gaurko Berriak kaleratu duen moduan. Negargarria.