Mahatsez gainezka

Magia izan zuen atzoko egunak. Magia behar da hain egun perfektua gertatzeko: biltzaile koadrila bikain aritu zen; eguraldiak ateri iraun zuen juxtu lana amaitu genuen arte; ezin egokiago agertu zen garraio sistema berria, mahatsa eramateko Esteñibarretik upeldegira; eta, printzipalena, bildu genuen iazko mahatsaren… doblea!

Abuztuan utzi genuen mahastia oparo. Iraila hasieran bota genion azken botika -bildu baino gutxienez 3 aste lehenago-, eta handik aurrera hasten da itxaronaldia. Mahatsak gradua hartu behar du eta ezin zaio asko lagundu. Abuztuan mahastiari kendu bazitzaion orria sortaldetik, orain kentzen zaio sartaldekoa, eguzki gehiago har dezan. Kendu diogu, baita ere, bigarren loraldiko mahatsa -luku txiki berdeak-, heldua biltzerakoan ez dadin hura honekin nahastu. Eta prestatu ditugu bilketa egunerako zer guztiak, egunean bertan arazorik ez izateko.

Irailekoak

Aurreko eguraldia ezin hobea izan bada mahatsarentzat, irailaren lehen hamabostaldia txarra izan zen, hotza, hezea eta haizetsua. Eta oso sano zegoen mahatsari hasi zitzaizkion arazoak: luku bat zimeldu, bestean botritis puntua, euli eta erleen ziztadekin garauak usteldu… Guztiak ere arriskuak, ezin jakin zenbateraino hedatuko diren. Eskerrak bigarren hamabostaldia nahiko ona izan den, horrek galarazi egin du arriskuak epidemiatan bihurtzea.

Iraila aldrebesa

Mahatsa heldu bitartean, komeni da lasai egotea baina nik ezin dut, urduri jartzen naiz. Mahatsa sano ikusten nuen bitartean ondo nengoen, baina arriskuak hasi zirenean akabo! Egonezin eta ezinegon, orduak eman ditut landarak errepasatzen, eta artazi puntarekin kentzen kaltetutako garauak. Zertan aritu zara? galdetzen zidan Fatimak, lanetik bueltan. Eta nik: Mikrozirugian.

Mikrozirugia

Uste genuen 24rako hartuko zuela mahatsak bere gradua, baina iraileko eguraldiak hori ere ondatu zuen, nire patxada bezala. Hilaren erdian geunden hasierako gradu beretsuan, eta atzeratu egin zitzaigun dena. Atzerapen horrek pipertu egin ninduen apur bat, luzatzeak areagotu egiten baititu arriskuak.

Atzerapena

Arrazoi bat baino gehiago medio, Andoni Aizpuruk hurbiletik jarraitzen du Elorrioko mahastizainon jarduna. Eta 24rako iragarpen ona egin zigun bezala, muturra okertu zuen jakin zuenean aste beteko atzerapena. Larunbaterako euria zetorrela esan zigun astelehenean. Asteartean bazen itxaropen apur bat, agian goiza libratuko zen. Asteazkenean seguru samar esan zigun: euria egingo du baina arratsaldez. Orduan hasi ginen dena prestatzen. Bide batez, bete-betean asmatu zuen Andonik.

Andoni

Lana arin egitekotan, talde handi samarra behar nuen, 35-40 lagun. Eskerrak alde bietatik familia handia dugun, eta etxekoekin bakarrik hurbildu ginen kopuru horretara. Gainera, badira lagun finak, urtero zain egoten direnak, gure esanetara. Taldea osatzeko arazorik ez, eta haiek lanean ikusita, sekulako poza. Ze ondo aritu ziren! Arin, ganoraz, eta umore onez.

Biltzaileak

Mila esker zuei, koadrila!

Hasi eta berehala konturatu ginen mahats gehiago zegoela, uste genuena baino. Kutxak derrepente betetzen ziren, geneuzkanak ez ziren nahikoa izango, eta bi biaje egin behar izan nituen upeldegira, kutxa gehiagoren bila. Kutxak bete ahala, palet gainetan pilatu eta kamioirako prestatzen genituen. Lehen zortzi paletak osatutakoan, kamioilariari deitu nion eta, handik aurrera, Iñakik bere garabiaz jasotzen zituen kamioi gainera, garraiatu eta upeldegian deskargatzeko. Hau izan da aurtengo berrikuntza nagusia, eta ezin hobe funtzionatu du. Aurrerantzean horrela egingo dugu.

Bilketa

Bideo produktora bateko hiru lagun izan genituen irudiak hartzen, goiz osoan. Bizkaiko txakolina Kontseiluak egoitza berria izango du laster, eta lau minutuko bideoa ari dira prestatzen, mahastizaintzaz eta ardogintzaz. Ikusgarria izan zen nola hartzen zituzten irudi zenitalak, pertika luze baten puntan kamera txikitxo bat jarrita. Horrez gain, Joxefe laguna ere aritu zen argazkiak ateratzen, eta bereak dira hemen agertzen direnak.

Kamerak

Upeldegian deskargatu ahala, paletak pisatu egiten dituzte. Eta, nola seguru gaindituko ziren aurreikusitako 6.000 kiloak, gure artean hasiak ziren trabesak: 6.500 baietz! animatu ziren Ale eta Aitor. Nik, tentatze aldera, bota nien 7.000 baietz! baina gehiegi iruditu zitzaien. Azkenean, pisaketan ari zen Txeluk eman zigun behin behineko datua: 8.515 kilo!

Pisatu eta kontatu

Esperientzia motza daukat mahastizaintzan, apenas 5 urte, eta zaila egiten zait, mahatsondo baten aurrean, mahatsetan duen karga kalkulatzea. Orduan jotzen dut estandarrera. Esaten da mahatsondo heldu batek, espalderan jarrita, ematen duela 4 kilo inguru mahats, bataz beste. Hortik abiatuta egin nituen kontuak: asko duenak 4 kilo, gutxiago duenak 3 kilo, eta gazteenak kilo bana, guztira 6.000 kilo. Gainera iaz begiluze jokatu nuen eta motz geratu nintzen, horregatik aurten nahi nuen ibili zuhurrago. Baina gertatu da beheko mahastiak eman duela, bataz beste, 6,2 kilo landarako, eta horren proportzioan besteak. Asko da, ikaragarri, hortik desbiazioa kalkulutan.

Nola liteke?

Film gozoak bezala, mahatsaren aurtengo zikloa ondo amaitu da Esteñibarren, oso ondo. Eta pozez zoratzen gaude, etxekoandrea eta biok, baita ingurukoak ere.

Pozarren

Atal berriak, agian, ziklo berria hasten denean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

7 erantzun Mahatsez gainezka-ri

  1. egilea: iturri

    Aupa Esteñibarko peña:

    Aranzabalek famatu egin zuen baserria. Espero dezagun zuen txakolina ere famatu bihurtzea.

    Esan bezala, zorionak jasotako uztarengatik. Gustura irakurtzen dira horrelako apunteak.

  2. egilea: mikel

    Aupa, Iturri!

    Esteñibarren ez dugu txakolinik egingo, baina gure mahatsa hartzen duen upeldegiak bai, Mendraka izenekoa, eta hau ari da famatzen. Kartan dago, esaterako, Axpeko Etxebarri, jatetxe ospetsuan, baita Zornotzako Boroan.

    Sarean ez du oraindik presentzia handirik, baina aurten sartuko da Campsa-ren gida berrian, nota altuarekin. Eta ez luzeegi joango bere toki propioa sortzea.

    Bitartean, hemen kontatuko dizuet aurtengo txakolinaren prozesua.

  3. egilea: Eneko

    Zorionak bikote, zapatuko mahats batzean dena ondo joan zelako, iaz baino mahats gehiago batu zenutelako eta, azken urteotan bezala, Mendraka txakolin bikaina egiteko mahats ederra batu zenutelako zapatuan.

    Ni, azkenean, ezin izan nintzen joan Esteñibarrera. Beste konpromiso batzuk sortu zitzaizkidan eta aurretik joateko asmoa agertu banizuen ere, ezin izan nintrzen hurbildu. Datorren urtean, bai.

    Hala ere, ikusten dut koadrila bikaina aritu zinetela eta eguraldia lagun izan zenutela.

    Orain, txakolinaren zain geratuko gara.

  4. egilea: Txakolina

    Blog honetan gustora jarriatzen dugu kontakizuna, baina klaro, ezin tragotxo bat edan horko lagunartean… uuuummmmm dana ez edan, e? Gorde hurrengo bisitarako.

    Iban

  5. egilea: Gurutze

    Mahatsa primerakoa eta nola pasatu genuen bilketan eta gero ere? Datorren urtean ere bertan izango gera, eta gainera Ormaiztegiko “komandoa” geroz eta handiagoa izango da, Joxe sekulako propaganda egiten ari da ta herrin.
    Dana dala, lana zuek egin dezue. Bai zuk Mikel eta noski Fatimak. Besarkadak biontzat.
    Gurutze

  6. egilea: Nere

    aupa bikote,
    zorionak jasotakokatik, hemendik asko gogoratu naiz bai bilketa egunetaz bai geroko dastaketataz…
    laister arte

  7. egilea: Reuter eta Kuntz

    Zist, zast, zist, zast…hantxe zebilen gure Mikel segan, azkenaldiko eurien ondorioz hazitako belarrari bilakaera mozten. Esteñibar inguruko bideetan jendea ibiltzen da bueltaka eta aldi hartan bi turista inguratu zitzaizkion; Mikelek segalanari utzi eta ” zer jak ? ” galdetu zien turistei ( baserritarra lanez gainezka dagoenean lez, beti hizketaldirako prest ). Hauek, mahastiei begira, hartaz hasi ziren galdezka. Mikelek gustoz erantzuten zien. Mahasti barrenera sartu eta azalpenak gero eta praktikoagoak ziren; esperientzia itzela daukatela arlo hontan ikusten zitzaien Mikeli eta Fatimari eta txakoliñ kontu honek irrika berezia sortu digu bi turistei orain ; dena Mikel eta Fatimaren azalpen dotorearengatik. Bukaeran, Mendraka txakoliña dastatu genuen, oso ona bera, eta mundua pixkat konpontzen ahalendu ginen, badaukalako beharrik. Egun ederra pasa genuen eta asko ikasi . Eskerrik asko bikote, Reuter eta Kuntzen partetik !!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude