Nazioartean bada erakunde bat, ICANN izenekoa, Interneteko domeinuak gobernatzeko. Eta jakin berri da onartu egin duela .cat domeinua, katalanentzat.
Internet oso da eremu librea, eta gizabanakoa ibil daiteke sarean multzo ezberdinetan: .net, .com, .org eta beste hainbat. Horiek ez dute esangura berezirik. Baina beste domeinu batzuk adierazten dute naziotasuna edo estatua: adibidez, .es Espainiarako, .fr Frantziarako, eta abar. Horixe lortu dute katalanek, estatuen pare jartzea Interneten. Eta niri inbidia jaio zait barrenean.
Zutabe hau jarraitzen duenak igarri dit, honezkero, asko begiratzen dudala Katalunia aldera eta, askotan, miresmen puntuarekin. Gustatu egiten zait haiek daramaten bidea nazio gisa indartzeko: herrigintza aurretik eta erakundetzea gero, fer pais deitzen zion Pujolek honi. Gurean, berriz, bestelako joera dugu: gure nazioa berez da, eta falta zaigu bakarrik besteen onarpena.
Norbaitek esango du gauza txikia dela katalanen urrats hau. Ba, lagunak, informazio-gizartean honen garrantzia dago kirol selekzio nazionalen parean. Urte berritik aurrera, sarean hau da, nazioartean- Katalunia hasiko da existitzen, eta izango du esparru bat non bildu ahal izango diren nahi duten katalan guztiak, berdin badira Valenciakoak edo Balearretakoak edo diasporakoak. Herrigintzarako tresna ederra, inbidiagarria.