Euskal arazoa deitura erabili ohi da zuri samar- izendatzeko euskaldunon egonezina Espainiako eta Frantziako estatuen pean. Ez dut ukatuko egonezin hori, baina badugu aurrera bidean traba larriago bat: gehiegi sinesten dugu magian. Eta magiak ez du konponduko euskal arazoa. Horregatik gustatu zait ELAren diagnostikoa
Zer da magia?
Magia da, batez ere, itxurakeria, sinestaraztea, begia tronpatzea. Zentzu horretan, magia deritzot esentzialismoari, badakizu, herri bat gara, nazio bat gara, Atturritik Ebrora, eta antzekoei. Magia deritzot baita antifrankismoko itxaropenari: nahikoa izango da Franco hiltzea gure helburu guztiak bete daitezen. Eta orain magia deritzot alderdien mahaiari: hor konponduko da euskal arazoa, behin eta betiko.
Bere sindikatuaren agiria azaldu zuen irratian German Kortabarriak, eta mahai magikoa bere lekuan jarri: Espainiako estatua ez dago prestatuta euskaldunon autodeterminazioa onartzeko, eta euskal indarrek dauzkate egin gabe etxeko lanak, autodeterminazio eskubidea aurrera eramateko. Oraingoan etor daiteke borroka armatuaren amaiera, baina indar asko metatu beharko da euskal arazoa konpontzeko. Diagnostikoan erabat ados, German. Terminoetan, ez horrenbeste.
German exorzista
Gurutziltzatuko naute, agian, baina uste dut autodeterminazioa ere badela magian sinestea. Nazioartean ez gara kolonia bat, metropoliak inbaditua, zapaldua eta esplotatua. Ez historiak eta ez egungo egoerak digute ezinbestean ematen autodeterminazio eskubiderik. Gaia horrela planteatuta, uste dut denbora galtzen ari garela.
Autodeterminazioa
Nazioartean aukerarik izan nahi badugu, eskubide iturri bakarra da hauxe: gizartearen gehiengoak independentzia nahi du, horrela, aitzakiarik gabe, eta horren alde egiten du hauteskundeetan bezala bere ohiko jardunean. Indarkeriarik gabe eta indartsu. Eredu magikorik ez, eredu benetakoa: Quebec.
Independentzia
Ongi etorria egungo mahaia edo mahaiak-, hortik bideratzen badira ETAren amaiera eta presoen itzulera, eta zerbait aurreratzen bada autogobernuan. Baina horrekin ziklo bat besterik ez da bukatuko, beste bat hasteko.
Etxeko lanak
Euskal Herria egitasmo politikotzat dutenek utzi beharko dute magia alboan, eta adostu estrategia egingarri bat, ildo egokian sartuta. Nik posible ikusten dut euskal gizartearen gehiengoa jartzea independentziaren alde, baina lana sendo eta ondo egin beharko da horretarako.
Bestela, Euskal Herria izango da kultur egitasmoa, hizkuntza eta nortasun bereziko komunitatea, autogobernu politikorako tresna batzuekin. Ez gehiago eta ez gutxiago.
Gogoeta borobila Mikel.
Nere ustez, ezinbesteko premisa da kultur errealitatea, hizkuntza eta nortasun bereziko komunitatea.
Zenbat eta gehiago aldendu hortik, orduan eta zentzu gutxiago, aipatutako helburu politikoak.
Nere galdera: Zer gera gaur egun? Eta noruntz goaz?
Hik eta nik komunitate esaten dugunean, mamia nahi diagu, identitate ezaugarri batzuk eta kohesioa horien inguruan. Eta nik behintzat ez nikek nahi egitura politikorik mami hori barik.
Beste kontu bat duk, ea posible den mamia trinkotzea eta garatzea egitura politiko propio barik. Magia zaleek diote independentziak salbatuko duela euskara. Nik nahiago nuke alderantzizko hurrenkera, alegia, euskarak (eta mamiak) ekarriko balu independentzia.
“Bestela, Euskal Herria izango da kultur egitasmoa, hizkuntza eta nortasun bereziko komunitatea, autogobernu politikorako tresna batzuekin. Ez gehiago eta ez gutxiago.”
Euskal Herria edo EAE esan nahi duzu?
Edo Sanz edota Baionako alkatea bezalako kultur etnozidak ahaztu egin dituzu?
Eta bai, niri ere nahikoa errealista iruditu zait ELAren analisia. Nahiz eta ELAk berak baduen zer ikasi berak aipatzen dituen aje batzuengandik… izan ere, noizean behin demaseko agiri potente ta txukunak ateratzen ditu (azken hau berau, 95eko “Gernikazoa”…) baina gero ELA missing egon da egoera politikoa garraztu den une klabe batzuetan… oker nago?
Kultur egitasmoak ez du lurralde mugarik. Euskal Herri kulturalak har lezake bere baitan Nafarroa eta Iparraldea, Sanzen eta enparauen baimenik behar izan gabe. Era berean, euskal diaspora.
Kultur komunitateak izango luke erdigune dinamiko bat, kide eta baliabide gehien metatzen diren tokian, eta mundu osora zabaldutako adarrak, elkarrekin lotuta eta lanean. Argi dago egungo erdigunea dela EAE. Baina kontzeptu libreagoa da, egitasmo politikoarena baino. Neurri berean da posibleago eta ahulago.
Eta ELAri buruz, ados, itxaropen handiak piztu izan ditu, une jakinetan, baina gero ez ditu gauzatu. ELAren birtuterik handiena da bere soziologia. EAJrekin ez du harreman onik eta ezker abertzaleak badu LAB. Gainera, jarrera politiko gordinak erakusten ditu sarri. Eta hala ere ELA da sindikaturik handiena, eskema sinpleak apurtuz.