Oporretan harrapatu nau gaiak, eta egitasmoaz bakarrik dakit hedabideetan zatika harrapatu dudana. Gipuzkoako Kutxako langile naizen aldetik, ez nuen susmorik hau orain gertatuko zenik, baina, era berean, banekien edozein momentutan gerta zitekeela, azken hamar urteotan. Eta ez nau larritzen, ze bategitea ez da izango langileontzat bereziki latza, eta aldaketekin beti sortzen dira aukerak. Hiritar moduan, ordea, uste dut gaia oso potoloa dela, eta gizarteak baduela zer esanik eta esateko modurik. Banku publikoa
Duela bi hamarkada edo, alderdi abertzale guztien programetan zegoen euskal banku publikoa edo antzeko aldarriren bat, autogobernurako tresna garrantzitsua izan zitekeela-eta. Baina berehala zapuztu zuten ametsa, Espainiak lehenengo, eta Europak gero. Joera ez zen izango banku zentral estatalak zatikatzea, baizik europar bakarrean batzea.
Utopia alboratuta, EAJk ekin zion bide praktikoari. 90eko hamarkadarekin batera hasi ziren aurrezki kutxen bategiteak.
Hegoaldeko lurralde bakoitzean bina kutxa zeuden, bat probintziala eta bestea munizipala. Hura Diputazioak sortua eta hau hiriburuko udalak. Nola aginte organoetan denek zuten administrazioa nagusi, eta EAEko administrazioan alderdi berak agintzen zuen, nahikoa izan zen EAJren erabakia hiru lurraldetan bategiteak gertatzeko. Ez ziren falta izan borrokak eta labankadak, agintea banatzerakoan, baina hiru bat urteren bueltan burutuak zeuden hirurak. Nafarroa beranduago ibili da, -EAJrik ez- baina hemen ere egin da fusioa.
Kutxak lurraldeka
EAEn, argi samar zegoen zurrunbiloa baretu orduko hasiko zela hirurak batzeko prozesua. Eta egin ere egin ziren lehen urratsak, Besaide izen sinbolikopean. Baina, seguruenik kutxetako buruzagi berrien eraginez, gauzak geldotu egin ziren lehenengo, eta erabat gelditu gero. Eta EAJk galdu zuenean Arabako kutxa, planak izoztu egin ziren.
Baina ez betirako, bistan denez. EAJk itxoin egin zuen, kutxetako buruzagien aldaketa tokatu arte, eta orduan indartsu jokatu zuen. 2003an Irala ekarri zuen BBKra, Iberian arrakasta handiko lana egiten ari zela. Goitik behera etortze horrek, esplikazio bakarra izan zezakeen: kutxen bategitea berpizteko enkargua. Eta, nonbait, ondo bete du Iralak mandatua. Horretarako behar izan du beste bi presidenteak aldatzea, bereziki Kutxako Spagnolo ordezkatzea, eta hiru berrien artean giro lagunkoia sortzea. Gainera, zorte ona ere izan du Madrilgo gobernu aldaketarekin, hori ezin baitzen aurreikusi duela bi urte.
Hiru presidente
Eta hiru presidenteek aurkeztu dute proposamena. Buruzagiena eta ez erakundeena- izateak mesede egingo dio ibilbidean. Eta ez dut uste Arabako popularrek egin dituzten axanpak hori baino gehiago izango direnik, gauzak lotu samar dirudite gorago.
Kutxetako arduradunek erabili dituzte arrazoi teknikoak bategiterako: tamaina, lehiakortasuna, efizientzia Eta politika aldetik aipatzen dira beste batzuk: aginte kontzentrazioa, kromo trukea, jeltzale eta sozialisten arteko lehen zirriak Baina hiritarrari zer zaio, hiru kutxen bategitea? Badu ezer irabaztekorik?
Baina, zertarako?
Bai, eta asko. Kutxa batua izango litzateke EAEko banku nagusia, nahiko indartsua asko baldintzatzeko diruaren merkatua gurean. Segun eta nolako politikak bideratzen dituen, aldatu egin lezake, onera edo txarrera, finantza zerbitzuek duten eragina gure bizitzan. Kutxek ez dute mozkinik banatu behar akziodunen artean, behin kaudimen eta inbertsio premiak estalita, sakrifika dezakete mozkina bezeroaren mesedetan. Joka dezakete komisio eta interesekin, sustatzeko gizarteko atal dinamikoenak, eta babesteko ahulenak. Izan daitezela bankuak marrazo, eta har dezatela kutxek bide gizatiarragoa.
Utopia? Bai, utopiko dirudi. Egingarri? Bai, nahi badugu. Ez ahaztu, kutxetako nagusiak dira erakundeak, bezeroak eta langileak. Hau da, hiritarrak. Hau da, GU. Beraz, guri dagokigu antolatzea eragiteko eta eragitea gauzak aldatzeko. Honetan ere delegatzen badugu bakoitzaren alderdian, edo paso egiten badugu, gero ez zaigu geldituko kexatzea besterik, halako komisio edo beste tasa kobratu digutelako.
Bada, nik bategitea behar dut Kutxako lana uzteko. Horrelakoetan aukerak izaten dira eta, zorte on apur batekin, bakarren bat egokituko zait. Eta horrela bada, egon ziur, aprobetxatuko dut!
Eta nik?
Kaixo:
Hasiera batean, titulua ikusita, “bileritis”ari buruzko posta zelakoan nengoen eta horregatik gorde nuen bloglines-eko harpidetzan. Gaur zure blogean sartzerakoan, beste gauza bat zela ikusi dut.
Bategite hau bada ere gai interesgarria.
Portzierto, negritek asko laguntzen dute.
Aio.