Domeka honetan jaia izango da Arrasateko Musakolan, Sahararen alde. Nubi elkarteak hartu du antolaketaren ardura, bere jardunean sendotuz doan seinale. Arrasaten sortu bada ere, ibar osora hedatzeko asmoa du elkarte honek, sahararren alde dagoen borondate ona bideratzeko.
Horixe jarri diote lelo egun osoko jaiari. Eta nekez asma zitekeen une honetan lelo egokiagorik. Izan ere, datu ugarik adierazten du zerbait aldatzen ari dela 30 urteko gatazka luzean, eta aukera berriak pizten ari zaizkiola konponbideari.
Sahara orain
Gatazka txikiek, belauntzien antzera, haizea behar dute alde, aurrera egingo badute. Eta sahararren egitasmoak ez du zorte handirik izan, haize kontutan. Maroko bere etsaia hobeto egon da kokatuta handien artean eta lortu du, trikimailu bidez, Nazio Batuen ekimen konpontzaileak geldiaraztea.
Haizea alde?
Orain, ordea, Estatu Batuen lehentasuna da Magreb batu eta laguna, terrorismoari aurre egiteko, eta Aljeriarekin harremanak sendotzen hasi da. Baina, Maroko eta Aljeriaren artean badago auzi gorri bat: Sahara. Eta badirudi hasi direla auzi hori konpontzeko mugimenduak eta presioak. Adibidez, zergatik ezagutu dugu orain lurralde okupatuetako errepresioa, 30 urtez irauten badu?
Karabanak behar dituzte Tindufen, baita gure mobilizazioa ere Aaiunen borrokan ari direnek. Ni joango naiz domekan Musakolara. Bazatoz?