Sanjoanetan izan nintzen Arrasateko parkean, bandaren kontzertua entzuten. Lourdes Arkotxa kide hil berriari eskaini zioten emanaldia, eta horrek eraman ninduen Elorriotik Arrasatera, Lourdes nuelako auzokide Gazetan eta lankide Musikairen.
Eguzki errea zen Sanjoaneko eguerdian, eta Monterrongo gerizpe urrituetan babestu behar izan genuen bertaratuok. Botatako zuhaitz handien tokian sartu dituzte berriak, baina urte asko beharko ditu hauen gerizpeak iristeko haiek ematen zutenaren erdira. Horrez gain, ikusi nuen auditorioko oholtza bera estalita oso modu traketsean, mekanotubo arrunt eta txapa sinple batez.
Gerizpeak urri
Eta, bandaren musika lagun, hasi nintzen imajinatzen estalki bat, zabaldu eta tolestu egiteko modukoa, oholtza eta auditorioa biak babestuko lituzkeena, eguzki erretik bezala euri txikitik. Beharko luke izan zerbait arina, ingeniaritza on eta fabrika gutxikoa, inguru eder haren lagun eta ez traba. Eta, imajinatzearen puruz, ikusi ere ikusi nituen burdinazko masta meheak, kable tenkatuak, eta haien gainean oihal bat, ez dakit plastiko edo lonazkoa zen.
Estalkia amets
Eta, nire buruan, Monterron bilakatu zen aire zabaleko auditorio aparta, eguraldiarekiko morrontzarik gabea, Debagoiena osoaren mesederako.
Geroztik, ondo esna nagoela, galderek irauten didate. Badago Debagoienean aukera hoberik? Merezi du ahaleginak?