Maiatzekoak kalbario ukitua hartu bazuen, ekainekoari eztanda esan behar zaio. Derrepente, kimuak hasten dira hazten, egunean hamar bat zentimetro, eta ez dago modurik haien erritmoari eusteko. Oraintxe apenas daukadan gobernatuta mahastiaren erdia. Naturak irabazten du beti ekaineko etapa. Eta ez esprintean preziso. Loretik frutara
Maiatzean lore betean utzi genuen mahastia. Gogoratu, luku txikitxoen modukoak, berdeak. Ekainean gertatzen da eraldatze delikatua, loreak galtzen du garau forma, eta gelditzen zaio bakarrik tutua, haritxo larua. Sorta osoa ikusita, ematen du galdu egin dela, gelditzen da luku helduari garauak kenduta bezala. Lehen alditan, susto galanta hartzen du mahastizain hasi berriak. Dena izorratu zaidak!
Baina ez, okerrik ezean, tutuak hasten dira gizentzen, eta bilakatzen dira garautan, oraingoan behin betirako, fruta heldutan bihurtu arte. Une larria da, ze giro hotzak eten egin lezake bilakaera, eta orduan ez da frutarik sortzen, edo mamitzen dira luku akastunak, garau batzuk normalak eta besteak nanoak, haziko ez direnak. Mamitze esaten zaio prozesu honi, ondo egoki, nire ustez.
Tutua gizendu
Fruta mamitzen ari den bitartean, eta mahastizaina hura zaintzen, kimuek ekiten diote etengabe luzatzeari, baso amazonakoan baleude. Eta luzatzen dira norabide guztietan, egun batetik bestera. Gaur utzi duzu kimu bat alanbreari atxiki gabe, motzegia zelako. Bada, etzi egon daiteke kimu hori pasillo erdiraino irekita edo, besterik ezean, lurreko belarrei lotuta, bere kabuz. Eta alanbrean gora jarri dituzunak, txukun, lau egunetan irten daitezke goiko alanbretik gora bi metro eta etzaten hasi, alanbrea bera behera eramanez.
Kimuen desmadrea
Neguan izaten du mahatsondoak inauste nagusia, fruta bildu eta kimuak ihartu ondoren. Baina udako eztandari eusteko, egiten zaio inauste berdea. Setoak nola, halaxe ebaki behar dira adarrak, aldamen eta goi. Gurean lan hau eskuz egiten dugu, Fatimak eta biok, bakoitza ilararen alde batean. Badira makinak, noski, eta Mendrakakoek oraintxe erosi dute bat, aldamen bat eta goia batera egiten dituena. Badira sofistikatuagoak ere, hiru aldeak pasada batean egiteko, eta ikusi izan dut Dordoinan horietako bi zituen traktorea, joanaldi bakarrean bi ilara garbi-garbi uzten.
Inauste berdea
Gure mahastia txikia da, eta ilara gehienak ditu laburrak. Gainera, makina handiek mailatu egiten dute lurra, eta gero nekeza da hor ibiltzea nire makina txikiarekin. Beraz, aurten behintzat, eskuz egingo dugu inausketa berdea.
Garaua mamitu eta hazten doan honetan, hurrengo mugarria hurbiltzen da: ilar ale baten neurria hartzen duenekoa. Une horretan tokatzen da hainbat botika ematea, gorrina, botritis eta beste zenbait gaitzen kontrakoa. Gogorarazten dit ume koskorrei ematen zaien -zitzaien?- txerto trivalente izenekoa. Gure mahats garau koskorrek ere zaintza zorrotza behar dute, lanbro txar batek ez ditzan erasan.
Ilar neurria
Larritasunak gora behera, orain artekoak ondo joan dira, mahatsa bikain dator, uzta ona izan daiteke aurtengoa. Hurrengo atala, uztaila amaieran.
Hau ere artea da! Zalantzarik ez dut.
Urria bitartean,eguraldiari begira egongo gara; espero dezagun tamainakoa izango dugula.
Ea, uztailan zer kontatzen diguzun.