Metafora ezagunen artean dago azukre koskorrarena, nola urtzen den koskorra uretan hala desegiten ari da… nahi dena. Beno, ba niri metafora hau etorri zait gogora, Espainiako auzitegi nazionalak eman berri duen epaiarekin.
Ez naiz legelari, ez dut azterketa teknikorik egingo. Baina ez dago legelari izan beharrik harrapatzeko epai honek hankaz gora jartzen duela Garzonen dotrina ETAri buruz, desegiten hasi dela haren eraikin juridikoa, azukre koskorra uretan nola.
Garzonek oso zimendu ahulean altxa zuen eraikina: ETAren ingurukoak ETA dira, beraz, terrorista. Eta zigor berdina merezi dute ekintza armatuak eta babesak, laguntzak edo kidetasun ideologikoak. Bide horretatik etorri dira alderdiak legez kanporatzeak, egunkari ixteak eta auzipetze erraldoiak, 18/98+ siglapean bilduak.
Dena da…
Eta hori da, hain zuzen, auzitegi espainiarrak urtze bidean jarri duena: Jarrai eta enparauak ez dira ETA, beraz, ez dira terrorista, ez dutelako armarik erabiltzen. Deliturik leporatzen bazaie, horietara mugatzen da erantzukizuna. Horren arabera, 10 urteko zigorraren tokian, 4 urtez azpikoak etorri dira, dagoeneko bete duten kartzela aldia baino txikiagoak.
Dena ez da…
Demasa hori itzuliko ote zaien ez dakit, seguruenik ez. Eta, hala ere, poztu egin nau epaiak, Garzonen etxea urtzen hasi delako, azukre koskorra uretan nola.