Presaka samar nentorren, egun luzea amaitu guran. Donostiako saihesbidera irten nuen, Amaratik, gaueko bederatziak aldera. Asko pentsatu barik, autoa jarri nuen autobideko abiaduran. Eta azken tunelean, zapla!, argazkiaren flasha. Auto asko zihoan tunelean eta une batez pentsatu nuen beste norbaitentzat izan zitekeela. Baina, ez, Arritzetako igoeran gerarazi ninduen aurrerago zihoan ertzain autoak.
- ¡Buenas tardes!, agurtu ninduen ertzainak.
- Arratsaldeon!, nire erantzuna.
- Ha infringido el precepto
Ni, haserre, muturtuta, isilik. Egina zegoen bekatua, alferrik ezer esatea. Isun papera bete eta ekarri zidanean, ordea, nahi izan nuen nire ondoeza nolabait azaldu. Eta esan zidanean:
- Puede continuar su viaje.
Bota nion:
- Hurrengoan euskaraz, mesedez.
Eta berak, txulo demonio:
- Pues, por mi no.
Hau da, hurrengorako ez dut ikasiko, ez dut ikasi nahi.
Oso triste iritsi nintzen etxera.
Ez da gaur egungo kontua Erzaña askok euskaraz ez jakitearena. Oker ez banago Hertzainak edo Negu Gorriak taldeak honen gaineko kantaren bat kantatzen zuen bere garaian. Eta “aurrera doan herri” honetan behin baino gehiagotan gertatzen da hori, gainera ez soilik Erzañen kasuan, berdin Osakidetzan eta beste zenbait erakunde publikotan.
Niri barregura gehien ematen didana da, gero Anjeles Iztuetari, euskara noiz normalizatuko den galdetu izan diotenean, behin baino gehiagotan bota izan duen erantzuna: “Gazteak juergan euskaraz egiten dutenean”. Gazteek juergetan euskaraz egingo dugu, euskaraz bizi gaitezkeenean:medikuarekin, Erzañarekin edota unibertsitate publikoan euskaraz kalitatezko hezkuntza jaso dezakegunean:euskaraz ari direnean zer esaten ari diren ez dakiten irakaslerik ez dagoenean edo ikasten dutenean edota eskolak ematen dituzten irakasle euskaldunak eskolak prestatzera dedikatzen direnean liburuak itzultzera beharrean.
Nik ez dakit zergatik pentsatzen dugun erankunde publikoetan lan egiteko euskara maila egoki bat eskatzean, gizartearen zati bat baztertzen ari garela, pertsona hori euskara ikastera bultzatzen ari garela pentsatu beharrean. Inor ez dugu lan gabe uzten, alderantziz baizik, lana eskeintzen diogu baina euskara maila jakin bat baldintza gisa jarrita, beste baldintza askoren artean. Bere lanean erabilgarri izango den tresna ikastearen baldintza.
Erabilgarritasuna ematea da gizartearen lana gure hizkuntza, komunikatzeko kodea, ez besteak baino okerragoa eta ez besteak baino hobea, baizik eta, geurea, luzaroan erabili nahi badugu.
Horretarako erakunde publiko deituek zein gizarteak euskara eskatzerakoan ausartago izan behar dugu. Por mi sí.
Besarkada bat.
Ez legoke ez batere gaizki Erzanyei isunak jartzea, horrelako erantzunak jasota behintzat…
Gu beti egon behar dugu lasai, ongi erantzun baina beraiek… hori ez ahal da probokazio hutsa… ez dakit akaso hurrengoa erantzun desegokiren bat jasoko dute.
Erantzun desegokia ematen badiezu zeu zara galtzaile beti; laister demontre aterako dizute desobediencia a la autoridad edo dena delakoa izorratu nahi bazaituzte. Botere politiko erreala edukitzea edo ez edukitzean datza, tamalez, azkenean gaia. Eusko Jaurlaritzak, legez, ertzain guztiek euskaraz jakin behar dutela inposatu dezaken egunean bide onetik joango gara. Bitartean… orain arte bezala, plastikozko autonomiekin. Imajinatzen duzue Valladolid-en gazteleraz berba egin nahi ez duen pikoletoa? Absurdua, ez? Baina gure txarainek hizkuntza nazionalari adar joka… ta hori “La policia de Euskadi” direla. Txiste hutsa.