Udaldia

Batzuentzat eguraldiak markatzen du udaldiaren hasiera, besteentzat paga-dobleak, edo oporrak lotuta izateak. Niretzat, Elorrion bizi den debagoiendar honentzat, uda hasten da MUSIKAIRE abiatzen denean, hau da, gaur bertan. Sei asteburuz luzatuko da kulturaren mazedonia, mota askotako musika, dantza eta antzerkiz atondua. Aire librean eta debalde. Debagoienetik joateko anima zaitezten, kopiatuko dut hemen aurtengo programaren atarikoa:

‘Gero San Joan izango zen jaia, ezarri zuen kristautasunak udako solstizioaren gainean, hau estaliz. Urteko egunik luzeenak dira sasoi honetan eta, eguzkiaren argia izanik biziaren iturri, gure arbasoek jai handia ospatzen zuten solstizioan. Eguzki sartze orduan, su handiak pizten zituzten eta haien inguruan aritzen ziren dantzan eta kantuan.

Soka beretik, MUSIKAIRE ere ospakizuna da, uda giroa gozatzeko aukera, kalean, aire librean, Elorrion. Eta honek esan nahi du: paraje eder, txoko ezkutu, baseliza, jauregi…

Aurtengo edizioan, dantzak izango du parte handia programan. Lau egunez jarraian, emango dira, plaza ondoko oholtza handian, lau dantza ikuskizun, elkarren artean oso ezberdinak, osagarriak. Hortik aurrera, ohi bezala osatu dugu mazedoniaren atal berria, askotariko musikarekin, eta kale antzerkiarekin.

Zatoz zu ere festara. Aurkituko duzu gozatzekorik. Eta dena doan da.’

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude