Onintza Lasa izan dugu gaur Mezularian, EAko komunikazio arduraduna. Azaldu digu zergatik lortu duten talde parlamentarioa, eta zergatik ukatu dioten EBri beste horrenbeste. Beraiek koalizioan aurkeztu ziren EAJrekin, baina bi koalizio ezberdin egin zituzten, Gipuzkoan berezi bat prestatu zuten. Horri esker, orain eskubidea omen dute, osoa eta ukaezina, bi talde parlamentariotan banatzeko. Aldiz, EBk ezin du osatu talde parlamentariorik hiru kide bakarrik dituelako, eta araudiak ukatzen dio, erabat eta zalantzarik gabe, taldea egitea. Onintzarentzat bai bata eta bai bestea dira egia absolutuak, eta beraiek ez dute besterik egin hori onartzea baino.
Nire eztarria hestua izan, ordea, eta ezin ba irentsi horrelakorik! Bai lehenengo auzia eta bai bigarrena, bozkatu egin dira legebiltzarreko mahaian, beraz zalantzazkoak ziren. Eta bietan egon dira aldekoak eta aurkakoak. Beraz,interpretagarriak ziren, ez zuten absolututik ezer.
EAk jaso du batzuren eskuzabaltasuna, eta onartu egin diote bere taldea osatzea. Gero berak ez du eskuzabal jokatu eta ukatu egin dio EBri bere taldea. Nire amak horrela deskribatzen du egoista: kako biak etxera begira dituena.
Ados nago zurekin. Gainera gauza bat da zuzenbidea izatea eta beste bat da zein eratan erabiltzen dozun zuzenbide hori. Pertsonen arteko eztabaidak ez dira soilik zuzenbidearekin konpontzen. Jellinek zioen zuzenbidea “etikazko minimo” bat zela. Hori da, minimoa.
EA azken aldian egiten ari dan gauzak beraiek ulertzen dituzte bakarrik.
Gainera, Gipuzkoan koalizioa beste izen batekin aurkeztuz zela-eta, horrek taldea emateko eskubidea emanez gero, Gipuzkoako hautetsienak beharko luke taldeak, ezta? Baina taldea beste batzuekin osatzen da, transferentzia eginez batetik bestera… Baina transferentzia, aldiz, ez da onargarri IUrentzat.
Edozein modutan, nire iritziz, hemen diru-banaketa besterik ez dago jokoan, ez etikarik edo araudirik.
Gipuzkoa “beste” koalizioarena aitzakia hutsa da. Koalizioan aurkeztu izan diren udaletxe guztietan koalizio bakarra aurkeztu da eta, gero, praktikan bi talde bezala funtzionatu dute beti, bakoitzak bere ofizina, bozeramaile eta dinamikarekin.
Luistxo, diozu: Edozein modutan, nire iritziz, hemen diru-banaketa besterik ez dago jokoan, ez etikarik edo araudirik.
Dirua badago jokuan, baina ez da ez gauzarik garrantzitsuena. Gutxien dutenen parte hartzea oztopatzen da erabaki honekin lortu dena. Esaterako:
Beraz, hemen jokoan dagoena da parte hartze duina eta jasotako botoen ordezkaritza ahalik eta ondoen egiteko ahalegina. Norvegian, Holandan… horrela egiten dute, esaterako.
Josu, diozu “Koalizioan aurkeztu izan diren udaletxe guztietan koalizio bakarra aurkeztu da eta, gero, praktikan bi talde bezala funtzionatu dute beti, bakoitzak bere ofizina, bozeramaile eta dinamikarekin.”
Guztietan esatea askotxo iruditzen zait. Badira herriak EAk amen eta amen egiten diola EAJri. Badirudi, EAren jarrera aldaketa datorrela. Zaila ikusten dut ordea, orain arte EAJrekin egin duen botere banaketa arriskuan ipintzea.
Gehitu nahi nuke ez legokela sobran EAJ eta EAk pastela nola banatu behar zuten aurrez esatea. Zenbatek zenekiten gipuzkoan izen desberdinarekin aurkeztu zirela?
Nik gauzatxo bat eskatzen diot EA-ri. Hurrengo hauteskundeetan, hau da, udaletarako eta Biltzar Nagusietarako, beraiek soil-soilik aurkeztea. Horrela, hiritar guztiok ikusiko dugu benetan daukaten indarra. Besterik ez, eman dezaiogun beta denborari.