Lagun bat datorkizu bisitan eta zure etxe aurrean aparkatu du bere autoa. Halako batean, pentsatzen duzue norabaitera joatea eta zure autoan sartzen zarete biak. Abiatzeko betiko maniobra egiten duzu, ohartu gabe lagunaren autoa daukazula ibilbidean, eta akordatu orduko atea zanbatu diozu. Adios!
Beno, badirudi erraz samar konpon daitekeela, baina lagunari esaten diozu zuk ordainduko duzula gastua, zu zarelako erruduna. Berak ezetz, merke izango dela konponketa, lasai egoteko.
Handik bi egunera lagunak idazten dizu e-mail larri bat, lotsak jota, esanaz atea osorik aldatu behar dela eta berak uste zuenaren doblea kostatuko dela.
Zein litzateke zure erantzuna?
Gorabehera guztiak kontuan hartuta ere, ordaindu egingo nuke nik oso-osorik.
Gaztelerazko esamolde batek dioen bezala, “el que pega paga”.
Orain min egingo dizu ordaintzeak, baina ordaintzen ez baduzu, seguru asko luze iraungo dizu gero zeratxo horrek kontzientzian.
Gauza bat argi dago:
testu osoan “laguna” jarri duzu, bisitan joan zitzaizun horri buruz hitz egiteko.
Zuk etxeko ateak zabaldu zenizkion, eta bera zinez eskertuta dago horregatik eta asteburu osoagatik.
Lagun horri e-mailez eman zenion erantzuna ezin hobea izan zen, eta lagunak uste du lortu zenuten akordioa ere perfektua dela.
“Laguna” idatzi duzu lau aldiz, eta horixe izango zarete aurrerantzean ere, lagunak.