Herbehereetan ere, Frantzian bezala, ezetzak irten du garaile, Europako itunaren erreferendumean. Badira bi kasuen artean antzekotasunak eta ezberdintasunak, baina ezaugarri komuna hau da: alderdi nagusiek eta erankundeek baietza eskatu arren, herritarrek ezetza hobetsi dute. Haustura, gizartearen eta politikarien artean? Barregarri samar ari dira Frantzian ezetzaren aldeko liderrak, bakoitzak eraman guran bere errota politikora matxinadaren ur handiak. Ahaztu nahi ditut Le Penen faxistak, frantzes ultranazionalistak, Turkiaren aurkako xenofoboak, ezker muturreko hiper-iraultzaileak, eta beti gauza guztien kontra daudenak. Eta gogoratu kritiko direnak Europarekin, indartu ditzakeelako joera ultraliberalak eta urrundu erabaki guneak; baita, kritiko direnak alderdietako agintariekin, galdua dutelako sintonia baseekin eta herritarrekin; eta, batez ere, kritiko direnak erakundeetako agintariekin, ez dutelako entzuten, ez dutelako ikasten, irabazia dutelako hautesleen matxinada behingoz.
Joera hauek nabarmenagoak izan dira Herbehereetan, gizarte modernoenetakoa den honek beldurra hartu baitio Bruselatik etor daitekeen lege zaparradari, bere lorpenak mugatzea ekar lezakeelako. Oso ondo bizi ziren euroa baino lehen, eta ez dira hobeto bizi euroarekin. Zertan joan aurrerago? Agintariek diotelako bakarrik? Nee!
Ez dakit emaitza hauek pikutara bialduko ote duten amets europarra. Niri lelo bat gelditu zait buruan: posible da beste Europa bat.
Bukatzeko, ez dut ahaztu nahi ezetzaren aldeko sarea osatzean, nolako garrantzia izan duten posta elektronikoak, blogak, esamesak, eta kostu txikiko teknologia puntakoak. Duda barik, tresna berriekin egingo dira 21. mendean iraultza bigunak, mon ami!