Mezulariako tertulian ari ginen Jasone Aretxabaleta, Ander Iturriotz eta hirurok. Gaia zen Legebiltzarreko buruaren hautaketa eta, ñabardurak gora-behera, hirurak bat gentozen arazoaren kulpa handiena EAJri egozterakoan. Une horretan, entzule bat sartu zen zuzenean datu bat emateko, eta amaieran esan zuen: “Harrituta nauka Euskadi Irratiaren pluraltasunak. Seguru Espainiako irrati publikoan ez dutela PSOE horrela egurtzen”.
Pluraltasuna baino askatasuna adierazten zuen kasu zehatz honek. Askotariko iritzirik ez zegoen, baizik bakarra; baina hori zen salatzeko juxtu irratia kontrolatzen duen alderdiaren jokaera bat.
Aipatu izan da Euskadi Irratian tertuliakideak direla abertzaleak, ia beti. Esango nuke hau zor zaiola gehiago, filtro politikoei baino, errealitate bati: euskaradunen artean gehiengoa sar daiteke abertzaleen multzoan.
Hortik aurrera, bai esan dezaket tertulietan daramadan denboran, lau bat urte, ez dudala inongo zentsura, gomendio edo antzekorik jaso. Pedolibrean aritzen naiz, hemen ere.