Ez da ondo hasi hauteskunde ondoko aro berria. Gehiago du oraindik zaharretik, behintzat Eusko Legebiltzarrari dagokionean. EAJk Juan Mari Atutxa jarri nahi du buru, zalantza guztien gainetik, ahaztuta orain arte egin zezakeen hainbat gauza egingaitz izango zaiola hemendik aurrera. Ez diote erraz onartuko Atutxa, tirabira gehiegi izan ditu gehiegitan, arerio gehiegirekin. Eta EBB tematzeak ez du arazoa konponduko.
Gaur entzun da agian Atutxak atzera egingo duela lehiatik, ez eramatearren auzia muturreraino, legebiltzarra bera kaltetuz. Keinu ona litzateke. Aukera berriak irekiko lizkioke bere alderdiari, baita egoera politikoari ere. Ez da ahaztu behar mahaiak bost aulki dituela eta zazpi ipurdi daudela zain. Ona litzateke lehen zailtasuna txukun samar gainditzea, animatu egingo luke giroa erronka handiagotarako.