Bost ardo eta bost plater

Ardoa boladan dago, eta bere alderik sofistikatuena hedatzen ari da ohiko eliteetatik kanpo. Adibide bat: izan berri naiz afaltzen Donostiako Maria Cristina hoteleko Easo jatetxean, afari berezian. Enate upeldegiak jarri zituen bost ardo, eta jatetxeak, haiei egokitutako bost plater. Opari bi

Sarri antolatzen dira horrelakoak, han-hemenka. Aukera ona izaten da ardo berriak ezagutzeko, eta jatetxeak ere ahalegin berezia egiten dute horrelakoetan. Gainera, ohi baino merkeago ateratzen da, ardoa ia opari izaten delako, zabalkundearen mesedetan. Oraingoan, Aragoiko upeldegiak beste opari bat ere egin zigun, berba argiko enologo gaztea, eta honek oso modu atseginean azaldu zizkigun ardo bakoitzaren ezaugarriak. Ehun lagun bueltan izan arren, arin eta ondo zerbitzatu zuten afaria.

Ardo zuria, urtekoa, gradu altukoa (13º) eta sikua. Atsegina. Hau ezkondu zuten langostinoen carpaccio batekin, alegia, mariskoaren okela gordina, marinatuta. Oso ederra zegoen, eta ondo egokitzen zitzaion ardoari. Hasiera bikaina.

  1. ardoa: Chardonnay 234 2004

    Ardo gorria, kolore bizikoa. Enologoak asko ponderatu zuen, baina ez genion punturik harrapatu. Berez, ardo gorriak dira ‘tintus interruptus’, hau da, beltzak izateko bidean etendako ardoak, eta honi sumatzen zitzaion –penaz- zertara iritsiko zen, utzi izan baliote. Jatekoa, zainzuri berdeak erreta, laranja zukutan, eta parmesano lainoaz. Txarra ez, baina hau izan zen afariko unerik ahulena.

  2. ardoa: Rosado

    Ardo beltza, mahats mota ezberdinen ‘coupage’a, sudurrean eta ahoan asko esaten duena, gogoangarria. Enologoaren hitzetan, ardo femeninoa omen, hain konplexua izanda. Honekin batera, barazki gisatuen gainean txipiroi xigortua, beronen tintaren ozpin-oliotan. Bikainak biak, edana eta jana. Gaueko gailurra.

  3. ardoa: Varietales 2001

    Ardo beltza, barietate bakarrekoa, ahoan indartsua eta sinplea; aurrekoaren ondoan zuzena, lineala. Enologoak honi esaten zion ardo arra (je!). Laguntzeko, atera ziguten pulardaren ‘noisette’a, ezti eta erromero zukutan, rukula basatiaren entsaladarekin, hau ere oso ederra. Dena den, puntu honetara iritsita, zelanbait geneukan dastatzeko gailua.

  4. ardoa: Merlot Merlot 2002

    Ardo zuria, usainez oso gozoa eta ahoan sikua. Harrigarria mahats aleman honen emaitza. Sudurrean oso hurbil mistela eta moskateletatik, aldiz ahoan da ardo zuria. Enologoak arriskua hartu zuen postrerako aukeratuta. Azken platera izan zen baso fruituen infusioa, Idiazabal gaztaren izozkiarekin. Emaitza ez zen izan biribila, baina bai interesgarria.

  5. ardoa: “Gewürtztraminer 2004”:http://www.enate.es/enaesp/vinos/gewurztraminer.htm

    Bapo edan eta bapo jan ondoren, kafetxoa hartu eta kalera. Gorputza arintze aldera, Kontxan paseatu genuen, haize freskoa hartuz burua argitzeko. Eta bueltako bidaian, cd-an Bregovic, eta buruan jiraka ideia bat: ‘Zatia hobeto, zerua lurrean’.

Pozarren

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude